Eraikin hau izan zen etxebizitzaren arazoa konpontzeko jasotako lehena Arrasaten. Kasu honetan Grupo San Juanen bezala arkitektoa Ramon Martiarena izan zen. Ramon Martiarena Soriako arkitekto munizipala izan zen eta bai kapitalean eta bai probintziako herrietan bere ofizioaren ale ederrak utzi zituen. Art Déco estilo barruan koka dezakegu bere jarduera. Sorian baloratuta dago eta bisita gidatuak antolatzen dituzte bere eraikin esanguratsuenak erakutsi eta azaltzeko.
Arrasateko etxe honi Grupo General Mola izena jarri zioten, Mola jeneralaren omenez. Mola izan zen Bando nazionaleko eragiketa militarrak zuzendu zituena Euskal Herrian eta bertako “nazionalek” Portaloiari ere bere izena jarri zioten. Badirudi Arrasaten egun batzuk ere pasatu zituela Gorostiza baserrian, baina datu hau ezin izan dugu konfirmatu.

Frente Popularreko eta abertzaleek ordea ez zioten bat ere maitasunik eta izugarri poztu ziren hegazkin istripu batean hil zenean:
Berri bat pozkarriya
etorri zaigula
guretzako txarrena
biñipin ez dala:
Euskadin aurkalari
amorratu zala
txoritik erorita
il omen da Mola
Nik gogoan det arrek
idatzi zuana
Bizkaia makurtzeko
aguro arena
bestela txikituko
zigula dan-dana
orain il omen da ta
izango du lana
Txikituta utzirik
erriyak osuak
baita kiskali ere
larre ta basuak
gu gaizki utzi gaitu
emandako suak
etzaizka ondo irten
oraingo pausuak
Eman bihar zitula
suak eta garrak
auek ziran orduko
Molaren indarrak
orain egin ditula
oso pauso txarrak
bera il da oraindik
bizi euskotarrak
Orra Mola jauntxuak
zer lantegi zuan,
txikitzeko asmuak
baitzeuzkan buruan.
Egazkiña galduta
erori lenguan,
geigo gerrarik ez du
emango munduan.
Baina ez gaitezen gure asuntotik apartatu.
Gerra ostean etxebizitzaren arazoa nahiko larria zen Arrasaten. Etxe honen espedien-tean diotenez langile biztanleriaren gehikuntza izugarria izan zen eta jendea txoko txikietan pilatzen zen eta hortik mota guztietako “inmoralitateak” sortzen ziren. Familia osoak (andra gizonak eta bi ume) gela bat baino ez zeukaten. Etxeak egiteko espazio arazoa ere bazegoen, lantegiek lur lau gehiena okupatzen zutenez. 200 etxebizitza egiteko asmoa zegoen(gerora Grupo San Juan) baina oraindik lur zorua ere lortu gabe zeukaten (Solatarren lorategiak).
Etxe hauen eraikuntza azkarrago joan zen, lur zorua Arrasateko udalarena zen eta: lur sail triangeluarra Legarren Bergararako errepide bazterrean. Espedientea eta eraikuntza 1943an hasi zen eta 1946an bukatuta zegoen.
Nire iritzian Martiarenak lan polita egin zuen etxe hauek diseinatu zituenean: eraikinak ba dauka art deco eta euskal ukitu bat. Izan ere, arkitektoak berak zioenez saiatu zen errepidera ematen zuen fatxada edo aurrealdea balkoiekin ( hegalekin, eguzkia aprobetxatzeko) eta erreka aldera ematen zuen fatxada ordea liso utzi zuen. Higienearen arauak ere ondo betetzen saiatu zen eta etxe erakargarriak egiteko asmoa zuela zioen: argiaren eta eguzkiaren alaitasunarekin hornitutako etxeak.
Nolabaiteko apaindura dauka errepideko fatxadak, Martiarenaren asmoa zen, eta horrela utzi zuen idatzita: “saiatu gara ukitu kuarteleroa ekiditen”. Eta bai, badauka bere grazia, bere dotorezia xumea …
Ohartxo bat: Grupo San Juaneko lehenengo proiektuko etxeak honen antzekoak izan behar ziren. Ez dakigu zer pasatu zen aldaketa egiteko, baina nire iritzian hiri paisaian edertasun pittin bat galdu genuen Mondragoen.
Zortzi etxe egin zituzten eta udal langile eta Bando Nazionaleko borrokalarien artean banatu zituzten. Eskatzen zutenek gerran egindako sakrifizioak aipatzen zituzten etxea lortzeko: preso egon zirela, zaurituak izan zirela, boluntario joan zirela gerrara …
Obra Sindical del Hogarreko etxeekin egiten zen bezala 40 urteko epea eman zitzaien etxearen jabetza lortzeko: Lehenbiziko 20 urteetan 815 pezeta urtero eta ondorengo 20 urteetan 640 pezeta.

Gerra bukatu berri zegoenez udal agintariek ez zuten Errepublikaren garaiko udal zigilua aldatu, etxe honen espedientean horrela azaltzen da: Monarkiaren koroaren ordez Errepublikaren gaztelua.