Faktura “%25 jaistea” eta bazkidetza “3 urte eta erdian amortizatzea” eskaintzen ditu Ekiolak

0
1142

Arrasatearrak Ekiolarekin argidarragatik zenbat ordainduko lukeen jakin dezan, txosten pertsonalizatuak eskaintzen ditu kooperatibak. 2.300 panel fotovoltaiko jarri ditu Garaian, obrak “azaro-abenduan” hasita. “400 familiak eman dute izena orain arte”. Bazkidetza 1.200 € inguruko kostua izan ditzake, “familiaren kontsumoaren arabera”. Bere bulegoa Arrasaten astearte, ostegun eta ostiraletan izango da.

Ekiolaren 2. fasea aurkeztu dute gaur goizean BAZen, eta bertan izan da, besteak beste, egitasmoko zuzendari teknikoa, Hodei Arzak:

Baieztatu du Ekiola Garaia Parke Teknologikoan egongo dela, 10.000 metro koadro inguruko lurzoru batean. Denera, “2.300 panel fotovoltaiko instalatuko dira, eta guztira 1’25 Megawatio izango ditu”.

“Horrela sortuko genituzke 1’35 Gigawatio orduko, eta 600 etxebizitza inguruko kontsumoaren %100 kubritzeko”.
“Urriaren 17tik aurrera, txosten pertsonalizatuak egingo ditu, eta beraz interesa duen edonork, ekiola.eus webgunean sar daiteke, eta Leintz Bailarako estekan klikatuz, pauso erraz batzuri jarraituta, bere txosten pertsonalizatua jasoko luke”.

Hau da, “horrela, norbanakoak ikus lezake, bere kontsumoaren arabera, zein izango litzatekeen hasierako ekarpena. Baita bazkide egingo balitz, zein prezio ordainduko lukeen gaurko prezioaren aldean”. Zerbitzu hau “doakoa izango da”. Txosten pertsonalizatua eskatu eta “egun gutxitara jaso du txostena”.

“Egindako lehen analisiekin, ondorioztatu dugu %25-30 gutxiago ordainduko lukeela. Gainera, hasierako ekarpena itzuli egingo zaio. Hau guztia komertzializazio eskema berezi batekin, eta Ekiolak bultzatzen duen eredua nahiko berritzailea da”.

Ekiolan argindarragatik bazkide bakoitzak ordainduko duen prezioa bere “kontsumoaren araberakoa izango da”. Orain arte izena emandako pertsonen batez bestekoa eginda, “ondorioztatu dugu bazkide egitea (1.400 eurori kenkariak aplikatuta) 1.200 euro ingurukoa izan daitekeela, norberak bere energiaren %100 sortzeko egin beharko lukeen ekarpena. Ekarpena kooperatibaren bizitzan zehar itzuliko zaio”.

Ekiolaren bulego ibiltaria Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan izango da, bertako alkateak iragarri duenez. “Arrasateko BAZen urriaren 18an (asteartea) irekiko da, eta zerbitzua emango du asteartetan, ostegunetan eta ostiraletan”.

“Astebete goizez izango da zabalik (8:30etik 14:00etara) eta astebete arratsaldez (16:00etatik 19:30era)”. Aretxabaletan asteazkenetan izango da, eta Eskoriatzan asteazkenetan.

Dagoeneko izena eman duten pertsonak “urriaren 17-18tik aurrera txostena jasotzen hasiko dira, txosten pertsonalizatua, aurrez eman zuten informazioan oinarrituta, pertsona horiek jakin dezaten zenbat diruko ekarpena egin beharko dioten Ekiolari”.

“Adibide bat jartzearren”, adierazi du Maria Ubarretxenak, “2.200eko kontsumoa duen hiruzpalau kideko familia batek gutxi gorabehera jarri beharreko ekarpena 1.239 eurokoa da”.

Diru kopuru hori “25 urterako dira”, eta alkateak hitzeman duenez “Ekiolak prezio hori 25 urtetan mantenduko du”. Egungo merkatuko prezioekin “bazkideak 3 urte eta erdian gutxi gorabehera amortizatu ahalko du bere ekarpena”.

Plaka fotovoltaikodun parke bat egingo da, eta bere aurrekontua “gutxi gorabehera 1.700.000 eurokoa da”, eta aurreikusten dute “bazkidetza-faseak aurrera egin heinean, azaroan-abenduan obrak hastea”.

Lehen fasean, “herritarrak informatu genituen, eta ia 400 izen-emate egin dira, baina ikusi da izen-emandako pertsonen batez besteko kontsumoa 2.200 kilowatioko dela, eta Ekiolak eskainiko duen prezioa 45 € kilowatio orduko izango da”. Gaurko egunean prezioa “175 € kilowatio ordukoa” da.

Alkateak azpimarratu du Ekiolaren energia “hemen sortutakoa” izango dela, baita lortutako energia hori “KM 0koa eta berriztagarria” ere, “kooperatibak duen burujabetasunarekin”.

Kontuan hartu behar da Leintz Bailaran kontsumitutako energia “%95 kanpotik datorrela”, eta Ekiolak Leintz Bailarako “600-620 familiak zerbitzua jasotzeko aukera izango dutela”.

Egitasmo honek fondo publikoetatik 624.000 € inguru lortu ditu, eta azpimarratzekoa da Fagor Taldeak beste 350.000 € jarri dituela. “Ondorioz, egitasmoa jaio da ia milioi bateko aurrekontuarekin”.

Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak, Aritz Otxandiano Kanpok, azpimarratu du Ekiola egiteko “lankidetza publiko-komunitarioa: Udalak, EEE eta Fagor bezalako eragileek elkarlanean herritarrei aukera ematea, eurek sortuko duten energia eurek kontsumitzeko”.

“Larrialdi klimatiko batean gaude, eta erregai fosilak lehenbailehen alde batera utzi behar ditugu. Beraz, trasntsiozio energetikoa gauzatzea lehentasunezko helburua da”.

Fagor Taldeak onartu du “gu arazo horren parte garela, CO2 isurketak egiten ditugulako, eta ez nolanahikoak, eta beraz guk ere gure trantsiozioa egiteko beharra daukagu”.

Kooperatiba taldeak “komunitatearekin beti” izandako “konpromisotik, lagundu nahi dugu gure lurraldeak ere trantsizioa egin dezan”. Ekiolari “guk kooperatibagintzan dugun esperientziarekin, modu arrakastatsuan garatu dadin”.

Aurkezpenean ere Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak, Iñigo Ansola Kareagak hitza izan du.
“Eragile askok lanean denbora luzea daramagu”, eta eragile horiei eskerrak eman dizkie, “hasiera-hasieratik proiektuan sinetsi dutelako”.

Next Generation fondoetatik Ekiolaren 6 egitasmo gauzatzeko dirulaguntza jaso dugu, 4’2 milioi €. Leintz Bailarako Ekiolarako 600 eta piku mila jaso dira”. Fagorren ekarpena ere aipatu du.

“Trantsizio energetiko batean gaude, eta geroz eta askeagoak eta independenteagoak izan gura dugu, energiaren sorkuntzari dagokionez”. “Guk sortu eta guk kontsumitzeko energia”.

Aholkuak gogora ekarri ditu: “ahalik eta energia gutxien kontsumitu, hobe eraikinak 20 gradutan baino 19an jartzea, ondo jantzi,… Norbanakotik hasita eman behar ditugu urratsak”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen