Fagorrek bozkatu du Zaporeak, Itsas Salbamendu Humanitarioa eta Senpereko ikastola laguntzea

0
452

Fagor Herrigintza programak denera 120.000 € zuzenduko ditu hiru egitasmoetara. Horretarako, aurrez bozketa fasea egin da, eta bertan erabaki da 8 egitasmotatik Fagorrek zein lagundu. Horretan “bazkideek izan dute azken hitza”.

Argazkia: Fagor Taldea.

Fagor Taldearen Fagor Herrigintza lankidetza programak ondorengo hiru egitasmoak ekonomikoki lagunduko ditu:

  • 60.000 euroko laguntza jasoko du Zaporeak-en Elikadura duina eta osasungarria errefuxiatuentzat Kara Tepe Berrian (Lesbos, Grezia) ekinbideak
  • 40.000 eurokoa, Itsas Salbamendu Humanitarioaren Larrialdi laguntza eta osasun arretarako interbentzioa egitasmoak
  • 20.000 eurokoa, Seaska Ikastolaren Senperen, ikastetxe baten eraikuntza proiektuak.

120.000 € horiek IPDK (Interes Publikoko beste helburu batzuetarako Derrigorrezko Kontribuzioa) heziketa eta kooperatiba sustapenerako zein interes publikoko beste helburu batzuetarako fondotik eratorriak dira.

Fagor Herrigintza lankidetza programak helburu ditu “euskal gizartetik sortutako ekimenak laguntzea eta eurekin elkarlanean jardutea, aurten abiarazirikoa”.

Horren bitartez, “Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagor Taldeak”. Aurrera begira “urtero abiaraziko litzateke ekinbidea”.

Aurtengoari dagokionez, deialdi publikoa egin zen interesa luketen eragileek euren proiektuak aurkez zitzaten.

“Orotara, 38 proposamen jaso ziren, eta, aurrez iragarririko irizpideen araberako balorazioa egin ostean, puntu gehien zituzten zortzi eragileak pasa ziren Fagor Taldeko kooperatibetako kideen parte hartzerako abiaraziriko bozka fasera -sektore desberdinetan diharduten zortzi kooperatibek osatzen dute Fagor Taldea-“.

Oro har, Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna “pozik” azaldu da estreinako edizioak izandako harrerarekin:

“IPDKren banaketa sistema berrantolatu dugu Fagor Herrigintza lankidetza programa abiaraziz. Zerbait berria zen, eta, beraz, ez genekien nolako harrera izango zuen”.

“Elkarte askok erakutsi du parte hartzeko interesa, eta proposamen ugari jaso ditugu, era askotakoak. Pozgarria da hori”.

Gainera, Fagor Taldeko kooperatibetako kideen parte hartzean sakontzeko aukera eskaini du Fagor Herrigintza lankidetza programak:

“Bazkideek izan dute azken hitza. Eurek esan dute ze hiru proiektu lagundu behar lituzkeen Fagor Herrigintza programak. Garrantzitsua da parte hartzerako bide berriak sortzea”, azpimarratu du.

Ildo horretan, “komunitatearekin konprometiturik” Fagor Taldeak urteko irabazien %12 bideratzen ditu gizarte ekimenetara:

“Komunitatetik sortu zen Fagor, komunitatearen alde jarduteko. Eta berdinean dihardu. Gizartearen auto-eratzean sinesten du, eta, beraz, baliabideak jartzen dabil etorkizuna hobetzeko lanean dabiltzan eragileek haien jardunarekin segi dezaten”.

2021ean, osotara, 1’13 milioi euro baino gehiago bideratu zituen Fagor Taldeak gizarte ekimenetara.

Hainbaten artean, Gizabidea Fundazioa, Debagoiena 2030, Mundukide Fundazioa, Errigora, Bizipoza eta Gureak lagundu zituen kooperatiba taldeak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen