Fagor Taldeko Batzar Nagusia: %17 hazi da fakturazioa, baita finantza-zorra jaitsi ere

1
1093

Garaia Parke Teknologikoan egindako batzarrean, FTko lehendakari Josean Alustizak azpimarratu du iazko “ziurgabetasun egoeran erakutsiriko moldatze gaitasuna”. Fagor 2030 iraunkortasun estrategia ere berbagai izan du.

Argazkia: FT.

Fagor Taldeko ordezkariek gaur Batzar Nagusia egin dute Garaia Parke Teknologikoan, eta iazko zenbait datu jakingarri azaldu dituzte:

“Azken urtean, ia Taldeko kooperatiba guztiek hobetu dute euren posizionamendua. Besteren artean, 2020an baino %17 gehiago fakturatu zuen Fagor Taldeak 2021ean; eta, oro har, %104ko hazkundea izan dute urteko emaitzek”.

Iaz “1.482 milioi euro fakturatu ziren Fagor Taldeko kooperatibetan (2020an baino %17 gehiago), eta 57’97 milioi eurokoak izan ziren irabaziak (2020an baino %104 gehiago)”.

Gainera, finantza zorrak EBITDArekiko behera egin zuen, “2’09tik 1’7ra; eta, gora, independentzia ratioak, 0’56tik 0’68ra”.

Oro har, “gora egin dute salmentek, eta kooperatibetako kideek esfortzu handia egin dute eskaerei aurre egiteko. Unean unera egokitu beharra izan da. Egindakoak izan du fruiturik”.

Jardueraren testuingurua kokatu du: “Askotarikoak dira azken urteotan bizi behar izan ditugun aurreikusi barikoak. Pandemia bat, Ukrainako gatazka, energiaren garestitzea…”.

“Horiek eragin zuzena izan dute gure jardunean, baina, oro har, uneko testuingurura egokitzen jakin dugu, moldatuz, eta, aukerak sortu direnean, aprobetxatuz. Horrek eragina izan du urteko emaitzetan”.

Batzar Nagusian “2021aren errepasoa egin da, 2022ko gestio plan aurkeztu da, organoen eguneratzeez jardun da eta zenbait arauei buruz bozkatu da”.

Halaber, Fagor Taldeko lehendakari kargua ere bozkatu da, eta lau urtetarako izan da berrautatua Joxean Alustiza. Ostean, urte berrirako erronkez mintzatu da:

“Garrantzitsua da gure gobernantza eredu demokratikoa eguneratzea. Asko zaildu da testuinguru ekonomikoa, eta asko aldatu dira gure kooperatibak, handiagoak eta kudeaketarako konplexuagoak bilakatuz”.

Eszenatoki horretan, “funtsezkoa da kooperatiben eta Taldearen garapen ekonomiko, sozial zein instituzional iraunkorra bermatuko duen gobernantza eredu egokia bilatzea, kultura kooperatiboa eta bazkideen erantzukidetasuna oinarri izango dituena. Hilabeteetako prozesua izango da hasiko duguna”.

Aurrera begira ere, urtebete igaro da Fagor Taldeak Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu zuenetik. “Baikorra da” orain arteko irakurketa, Alustizak adierazi duenez:

“Gure kooperatibak iraunkortasunak ezaugarrituko duen aro berrira egokitzeko onartu genuen iraunkortasun estrategia. Iraunkortasunari loturiko helburuak geure egunerokoan sartzen gabiltza, gure negozioak eraldatu eta enplegua sortzen jarraitzeko”.

“Lehiakortasuna eta berrikuntza, gobernantza eredu demokratikoa, pertsonen zaintza, planetarekiko konpromisoa eta komunitatea ditugu erdigunean. Ideia horiekin, etorkizuna hobetzeko lanean gabiltza, Fagorreko kideekiko, lurraldearekiko, gizartearekiko… konpromisoz”.

Esandakoa berresteko, 2021eko Iraunkortasun Memoriari loturiko zenbait datu aurkeztu gura izan ditu Alustizak. Hemendik aurrera “testuinguru nahasian, oreka bilatzen segitzea dagokigu”.

Iruzkin 1

  1. Politikarien antzera goi kargu guztiek gezur bat bestearen atzetik, erdi egiak edo informazio interesatua norberaren burua salbatzeko. Aurtengo emaitza pandemia urte batetiko konparatzeak badu sentzurik? Bestalde zenbaki ekonomikoak gora eta behera, baina zein da egoera soziala? Langileak gustura daude? Herriko gazteek badute herrian lan duin bat izateko aukerarik? 5urte barru zein izango da egoera? Sektoreak izsngo du etorkizunik?Askotan aipatzen diren balore kooperatiboak egunerokotasunean daude? Ausnarketa egin beharko litzateke, batez ere langileriak, nagusiak beti ondo biziko baitira, eta gaizki badoa zerbsit, errez aldatu lezakete lanez, beti neurrira egindako sasi postuak asmatzen dituzte eta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen