Fagor Elektronikak ekoizpenari ekin dio Mexikon

0
493

Planta bat inauguratu du Queretaron, automobilgintzako eta linea zuriko amerikar merkatuan sartzeko.

Testua: Fagor Elektronika.

Fagor Elektronikak aurrerapausoa eman du bere enpresa ibilbidean, planta berria inauguratu baitu Mexikoko Queretaro hirian. Era horretan, herrialde aztekan ekoizteari ekin dio. Fagor Electronics Mexiko automobilgintzako amerikar merkatuan sartuko da, horixe baita munduan bolumen handienekoa eta teknologiaren aldaketa prozesu bete-betean dagoena, mugikortasun elektrikoaren garapena dela tarteko. Era berean, linea zuriko amerikar merkatuan ere lortuko du bere tokitxoa.

Erreferentea da sagai elektronikoen fabrikazioan

Fabrikak 2.000 metro koadroko azalera dauka, eta bi milioi eurotik gorako inbertsioa izan du. Ekoizpen lerro batekin ekin dio lanari, non aipatutako bi sektoreetarako osagaiak eta piezak fabrikatuko diren, hala nola txartel elektronikoak, etxetresna elektrikoen eta automobilen funtzioak kontrolatzeko eta kudeatzeko.

Ekoizpen planta berriak kudeaketa aurreratuko ekoizpen sistemak eta makineriak ditu, Fagor Elektronikak bere instalazio guztietan estandarizatutakoak. Horrenbestez, ekoizpen eremua egokitzeko asmoz, inbertsio handia egin da, fabrikaziorako garbiketa protokoloetan eskakizun oso zorrotzekin egin ere. Eta ekoizpen ekipoetan ere inbertitu da.

Nazioartekoa

Lantegi honekin, Fagor Elektronikak aurrerapausoa eman du bezeroei soluzio malguak eta ekonomikoki bideragarriak eskaintzen dizkien partner teknologiko bihurtzeko bidean. Era berean, indartu egingo du bere nazioartekotzea, ekoizpen plantak baititu Arrasaten, Bangkoken (Thailandia) eta Mexikon; eta merkataritza presentzia, berriz, Alemanian, AEBn, Singapurren, Hong Kongen eta Txinan (Shenzen eta Shanghai).

Fagor Elektronikari buruz: Fagor Elektronikak 50 urtetik gorako eskarmentua dauka, eta Arrasaten (Gipuzkoa) dago kooperatibaren matrizea. Hainbat sektoretarako osagai elektronikoen garapen zein fabrikazioan dihardu. Mundu osoan dauka presentzia, 500etik gora langile baititu, eta 2019an 58 milioi euroko salmentak izan zituen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen