ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiruk deituta, atzo arratsaldean bilkura egin zen 44 urteko BOM langilearen “lan-istripu ez traumatikoa” gaitzesteko.
Argazkia: Gotzon Aranburu – Foku.
Gehiengo sindikalak deituta, atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zen Bergarako Herriko plazan: ‘Lanpostuetan heriotza gehiagorik ez’.
LABek adierazi du jada 59 langile zendu direla euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian aurten. Hauetatik guztietatik 15 “lan-istripu ez traumatiko” deiturikoetan hil dira.
Fagor Ederlanen Bergarako plantako heriotza “ezin diogu halabeharrari egotzi”: “Behin baino gehiagotan salatu izan dugu txandakako sistemak eta bereziki gaueko lanak osasunean eragiten dituzten kalte fisiko eta psikologikoa”.
LABek azaldutakoaren arabera, “lantokietan egiten diren arriskuen ebaluazioetan ez dira jasotzen lanak errealki sortzen dituen patologia guztiak, eta beraz, ez da lan-osasunaren zaintza integral eta eraginkor bat egiten”.
“Hainbat eta hainbat gaixotasun profesional daude, isil-isilean eta inor konturatu gabe langileen osasuna kaltetzen dutenak, eta kasu askotan langileari heriotza dakarkiotenak”.
Sindikatuak osasuna eta bizitza aintzat hartuko duen prebentzio politika eraginkorrak eskatu ditu, “hor uste dugu administrazio publikoek erantzukizun handia dutela”.