Fagor-Bihar (Duinduz): “Etxez etxeko zerbitzurako familiei 2.280 € emango dizkiegu gehienez”

0
1346

Fagor Taldearen eta Bihar kooperatibaren egitasmoaren bi helburu dira sektore honetako “prekarietateari aurre egitea eta bertako profesionalak balioztea”. Duinduz proiektuaren aurkezpenean iragarri dute familiei “hilero gehienez 380 euroko laguntza emango zaiela, 6 hilabetetan”. Informazio-puntua bihar (maiatzak 8) irekiko dute Olarte kalean.

Beheko testua, goiko framea eta bideoa: TUlankide.

Ezkutuko ekonomiak etxeko zaintzan aritzen diren langileen kolektiboan duen eraginaz jabetuta (%90 baino gehiago emakume etorkinek osatzen dute), Fagor Taldeak eta Bihar S.Coop-ek benetako irtenbideak proposatzen dituzte, langileei zein zaintza zerbitzuak behar dituzten familiei mesede egingo dietenak.

Ezkutuko ekonomiaren inpaktuari aurre egitea

Euskal Autonomia Erkidegoan, sektore horretako langileen % 27k ez du kontratu formalik, eta horrek lan-baldintza prekarioak eta informalak ezartzen ditu. Etxeko laguntzan ikuspegi espezializatua hartzean, Fagor Taldearen eta Bihar-ren arteko lankidetzak langile horientzako lan baldintza zuzen eta egokiak ezartzea bilatzen du, errespetu eta balorazio pertsonal bidezko giroa sustatuz.

Hobarien programa aitzindaria

Proiektua eraginkortasunez gauzatzeko, Fagor Taldeak, ingurune sozialarekiko konpromisoaren misioa betez, kapital ekarpen garrantzitsua egin dio DUINDUZ proiektuari. Inbertsio horri esker, hobarien programa bat jarri ahal izango da martxan, Fagor Taldeko kide diren familiei eta Debagoienan bizi direnei mesede egiteko.

Zehazki, Fagorrek konpromisoa hartuko luke hilean 380 euroko ekarpen ekonomikoa egiteko zerbitzu horiek erabiltzen dituzten familientzat. Aurreikuspenen arabera, egindako ekarpenekin, Fagorrek fase honetan 200 familia inguru babestuko lituzke. Ekimen honek, familien finantza-egoera arintzeaz gain, zaintzaileen ongizatea hobetzen lagunduko du, bidezko konpentsazioa eta beren lan baliotsuagatik errekonozimendua jasoko dutela bermatuz. Bestalde, Bihar S.Coop-ek etxean zaintzeko zerbitzu pertsonalizatua eta profesionala bermatuko du, pertsonei eta familiei erabat egokituta.

Informazio-gunea. Proiektua xehetasun handiagoz azaltzeko, zalantzak argitzeko eta familiei egindako hobari-eskaerak erregistratzeko, Bihar-ek, maiatzaren 8tik aurrera, 944 582395 telefono-zenbakia duen informazio-gune bat irekiko da Arrasaten.

Fagor Taldeari buruz. Hamaika sektoretan diharduten zortzi kooperatibaz osaturiko Euskal Herriko kooperatiba talde industrial handiena da. Besteren artean, gizartearekiko konpromisoak ezaugarritzen du, eta, horretarako, industria sarearen iraunkortasunean, planetaren zaintzan, pertsonen ongizatean… eragin gura du.

Bihar S. Coop-i buruz. MONDRAGON Korporazioaren ekimen bat da, 2023an abiatua, adinekoak beren etxean hobeto bizi daitezen zerbitzu eta produktu integralak eskaintzen dituena. Zaintza-zerbitzuak, produktu espezifikoak eta era guztietako aholkularitza-zerbitzuak eskaintzen ditu.

Laburbilduz…

Fagor Taldearen eta Bihar S. Coop.en arteko lankidetzak etxez etxeko zainketen sektorearen errealitate prekarioa jorratzen du.

Ezkutuko ekonomiaren inpaktua eta langileek aurre egin beharreko erronkak ezagutzen ditu, konponbide eraginkor eta solidarioa eskainiz.

DUINDUZek lan-baldintzak hobetzea eta pertsonak duintzea proposatzen du, langileengan zein arreta behar duten familiengan eragin positiboa izanez.

Laguntza ekonomikoen proposamena familia bakoitzaren neurrira egingo da, eta hilean 380 euroraino irits daiteke.

Bihar-ek zerbitzu pertsonalizatua eta kalitatezkoa eskainiko du, familia bakoitzaren beharrei erantzuteko.

Prentsaurrekoan partaideak:

Aritz Otxandiando Kanpo: Fagor taldeko iraunkortasun arduraduna.
Hector Olabegogeaskoetxea Narbaiza: Bihar-ko Zuzendari Orokorra eta Mondargon Health eko zuzendaria.
Oihana Barandiaran Baztarrika: Bihar-ko komunikazio arduraduna.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen