Fagor Arrasatek tailer bat eraikitzea ahalbidetu du Udalbatzarrak

0
1185

Aldi berean, Udalbatzak zehaztu ditu kooperatibaren horren inguruko zenbait eginbehar, adibidez “lurzoruaren kalitatearen adierazpena lortzea”. EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek gaia onartu dute, eta EAJ-PNV zein PSE abstenitu dira.

Fagor Arrasatek aurten partzela bat erosi dio Ekide enpresari, Fagor San Andres eremuan.

Erosketaren helbuetako bat da Fagor Arrasatek bertan “tailer mekanizatu berri eta moderno bat eraikitzea”. 

Horretarako, baina, lehenago bi partzelak (P-1 eta P-4C izenekoak) batu behar dira, eta gaurko Udalbatzarrak horretarako baimena eman du.

Udalak gaurko plenoan jakitera eman du “jendaurreko erakustaldian ez dela inolako alegaziorik aurkeztu”. Aldi berean, gaurko Udalbatzarrak Fagor Arrasateri lau egiteko gogorarazi dizkio:

Balizko lur kutsatuei dagokienez, “lurzoruaren kalitatearen adierazpena lortzea”, eta kultura-ondareari dagokionez, “baldintzak bere gain hartzea eta betetzea”.

Baita ere “lurzorua lagatzea ibilgua hobetzeko” eta “URAren eta Kultura Ondarearen sektore-txostenetako oharrak kontuan hartzea”.

Udalbatzarrak bozketa egin baino lehen, EH Bilduko zinegotzi Mikel San Miguelek azaldu du Fagor Arrasateko langile dela eta abstenituko zela.

EAJ-PNV eta PSEk ez dute euren abstentzioaren inguruko arrazoirik eman. Bozketak ondorengo emaitzak izan ditu:

  • Aldeko botoak: 10 (EH Bilduko 9 zinegotzi eta Elkarrekin Arrasateko zinegotzia)
  • Abstentzioak: 9 (EAJ-PNV, PSE eta EH Bilduko zinegotzia)
  • Aurkako botoak: 0

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen