Fagor Arrasatek jauzi teknologiko berria eman du, altzairua eta aluminioa prozesatzeko bere lerroetan laser bidezko ebaketa sartuta

0
778

Teknologia horren bidez, kooperatibak bere gaitasun teknikoak osatu ditu, jarduera-sektore berrietara sartu da, hala nola auto elektrikora, eta salmentak 15 milioi eurotan handitu ditu.

Testua: Fagor Arrasate.

Fagor Arrasatek, material metalikoak eta konpositeak konformatu eta prozesatzeko soluzioen garapenean aditua denak, laser bidezko ebaketa-teknologia gehitu dio bobina metalikoak prozesatzeko jarduerari; horrela, bere gaitasun teknikoak osatu ditu eta merkatura eskaintza osatuago eta berritzaileago batekin hurbilduko da.

Arrasaten egoitza duen Kooperatibak, bobinatik abiatuta laser bidezko Danobatgroupen ebaketa-teknologia integratu du duela gutxi. Izan ere, teknologia horretan duen ezagutza eta merkatuan duen esperientzia, pizgarri izango dira jarduera-nitxo berrietan sartzeko, adibidez, ibilgailu elektrikorako osagai berrien fabrikazioan, baita beste sektore batzuetan ere, hala nola klimatizazioa, menajea edo altzairuzko deposituak.

Teknologia, ezagutza eta Danobatgroupetik datozen adituak integratuz, Fagor Arrasatek bobina metalikoa ebakitzeko eta prozesatzeko lineen diseinuaren eta manufakturaren arloan gaur egun dituen jarduerak osatu ditu, eta bere gaitasun teknikoei bultzada handia eman die, bai laser bidezko ebaketa-soluzioak garatzeko, bai simulazio-softwarea garatzeko. Kooperatibak aurreikusi du laser bidezko ebaketa-linea berriek urtean 10-15 milioi euroko salmenta gehigarriak eragin dizaketela 2024an.

Fagor Arrasatek eta Danobatgroupek – MONDRAGONeko Industria Automatizazioko eta Makina Erremintako dibisioetakoak, hurrenez hurren – merkatuan lehiakortasunean irabazteko duela urte batzuk hasi zuten lankidetza-lanaren barruan dago eragiketa hau.

Zer da laser bidezko ebaketa-teknologia?

Bobinatik abiatutako laser bidezko ebaketa-lineak, prentsa bidezko ohiko ebaketa-lerroen alternatiba dira, ekoizpen-kadentzia handirik behar ez duten merkatu-segmentu jakin batzuetan – esaterako, elektro-mugikortasunak sortzen dituen nitxo berrietan –, malgutasun handiagoa eskaintzen baitute:

  • Laser bidezko ebaketa-zelula batez hornituta daudenez, lerro horiek egokiagoak dira ekoizpen-beharren aldaketetara, eta edozein pieza edozein unetan ekoiztu ahal izango dute, erraz eta arin. Hainbat materialekin ere lan egin dezakete, hala nola altzairuarekin, altzairu herdoilgaitzarekin eta aluminioarekin, tresnak aldatu beharrik gabe, baita horiek aurrez margotuta eta/edo babes-filmarekin badatoz ere.
  • Formatuak mozteko trokelik ez duenez, erreferentzien produkzio-aldaketa ia berehalakoa da, trokel-aldaketarekin lotutako produkzio-geldialdiak saihestuz. Geometria konplexuko piezak fabrikatzeko malgutasun handiagoa ere eskaintzen du. Horrez gain, trokel-multzoak biltegiratzeko espazioaren beharra ere murrizten da, bai eta trokel-parke baten hasierako inbertsioa eta mantentze-lan jarraituen gastua ere.
  • Bobina batetik abiatuta, ekoizpen-kostuak murriztu egiten dira, materialaren erabilera optimizatzen delako eta alferrik galtzea murrizten delako.

Azkenik, instalazioaren kostuak ere txikiagoak dira; lerroa trinkoagoa delako, eta ez duelako ez zulorik, ez eraikin alturik, ez garabirik behar trokel-aldaketetarako

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen