Multinazionalak inbertsioetarako hornitzaile onenaren saria eman dio. Beste 300 hautagai ere izan dira sari banaketan.
Irudia: Fagor Arrasate.
GKNek azpimarra jarri du batez ere “forjarako prentsa bat epe motzean egiteko erakutsi duen gaitasunagatik”:
Arrasateko kooperatibak “irtenbide egokiak eskaini dizkigu epe motzean eta behar moduko erantzuna eman die gure eskakizunei, eskaintza bera gure beharretara eta egoerara egokituz”.
300 hornitzailek esku hartu zuten sari banaketa ekitaldian, eta horietatik zortzi besterik ez ziren sarituak izan. Horregatik “pozik” azaldu dira Fagor Arrasateko ordezkariak:
“Esangura handia du lehen mailako bezero batek gure produktuen kalitatea, zerbitzua eta ondo eginiko lana aitortu izanak. Geure esfortzuak eta egindakoek merezi izan dutenaz jabetzeko balio digute halakoek”.
Hala adierazi du Iker Bastidak, Fagor Arrasateko ordezkari eta GKN Automotive bezeroaren arduradun. Halaber, bide beretik jarraitzeko konpromisoa agertu du.
Ildo horretan, Bastidak etorkizunera begirako hausnarketa egin du: “Ulertzen dugu aitortza hau ez dela soilik elkarrekin egindako azken proiektuari loturikoa. Finean, hamarkadetako elkarlan emankorra daroagu”, hain zuzen “exijentzia altuko garapenei eta proiektuei esker sendoturikoa”.