Sari-banaketa gaur egin da Kulturolako (lehen Union Cerrajerako) aterpean, eta hainbat langile edota bazkide, Fagorreko ordezkari, ordezkari instituzional,… izan dira bertan.
Aldundiaren izenean Markel Olano ahaldun nagusiak eman dio saria Fagor Taldeko lehendakari Josean Alustizari.

Honek eskerrak eman dizkie “ezer baino lehen aipatuko ez ditudanak, Abbadia Sariko epaimahaikideei, instituzio ezberdinei, Mondragongo beste zenbait kooperatibari, EMUNgo lagunei eta gure lan-jarduna euskaratzen ari diren eta aritu diren ‘etxeko’ atzoko eta gaurko milaka bazkide-langileei”.

Era berean, Fagorreko lehendariak azpimarra jarri du “euskararen normalizazioarendako lan-mundua euskalduntzeak duen garrantzian”, eta eskaintza bat egin du: “enpresetan, kooperatibetan, tailer txikietan, gune euskaldun eta ez hain euskaldunetan,… lan-mundua euskaratzearen ari zareten langile, lan-bazkide, enpresari anonimo, sindikatu, enpresari-elkargo,… zuei guztiei eskaini nahi dizuegu jaso berri dugun Abbadia Saria, biba zuek, biba zuen etengabeko jarduna eta biba zuen lorpen txiki eta handiak”.

Olano ahaldun nagusiak baloratu du “garai zailenetan ere gure hizkuntzaren aldeko apustuei eutsi egin diezue, euskararen sustapenean adibide aurreratua zarete. Zabaldu beharreko eredu gainera, Gipuzkoa eta Euskal Herri osorako”. Esker oneko hitzak ere izan ditu.

Ordezkarien hitzartzeak tartekatu egin dira Kepa Errastiren eta Fagorreko zenbait musikariren emanaldiekin, integrazioa eta lana hizpide.

Era berean, orain arteko ibilbidea laburbiltzen duen ikus-entzunezko bat pantailaratu da, eta bertan hitza izan dute, besteak beste, Bixente Elortzak, Mikel Trojaolak eta Mikel Lezamizek.

Ekitaldian ere solasaldi bat izan da Jon Sarasua Maritxalar HUHEZIko irakasle, idazle, bertsolariarekin,… eta Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunarekin ere.






