Eztabaida izan da San Isidro elizako teilatua konpontzeko diru-laguntzari buruz osoko bilkura

0
678

Gaurko osoko bilkuran jorratu den puntuetako bat izan da 2020/2023 epealdirako Arrasateko Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 7. aldaketa onartzeko proposamena.

Osoko Bilkuran lau diru-laguntza berri aurkeztu dituzte onar ditzaten: Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteari diru-laguntza ‘Hazia’ musikala ekoiztu ahal izateko; San Isidro elizako teilatua konpontzeko diru-laguntza; denda eta zerbitzuetarako laguntza ekonomikoa tokiko merkataritza sustatzeko; eta azkenik, Arrasate Rugby Taldearen 50. urteurreneko ospakizunetako diru-laguntza.

Elizak ematen duen laguntzaren kasuan nolabaiteko eztabaida sortu da. 3. puntuan sortutako eztabaidan, 2022 urteko aurrekontuaren kredituak aldatzeko espedientea ontzat emateko proposamena, EH Bilduk eta Arrasate Podemosek elizari emandako laguntzaren aurka bozkatu egin dute.

Eva Abuinek azaldu duenez, “kontrako botoa eman dugu zenbait proposamenekin ados ez gaudelako, hala nola elizari zuzeneko laguntza ematearekin. Bestalde, ez dugu ezer Arizmendiarrietako musikalaren aurka, baina udaletxera proiektu interesgarri asko iristen dira, eta ez dago berdintasunera iristeko aukera argirik.”

Bestalde, Maider Morras EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du “elizaren laguntzaren aurka gaude, inork ez dizkiolako horrelako laguntzak ematen, eta itxaron egin beharko dugula kontratua nola idazten den ikusi arte. Horren arabera erabaki bat hartuko dugu. Are gehiago kontuan hartuta eliza zerga ez duela ordaintzen.”

Bestalde, Anuska Ezkurra gobernu taldeko kideak azaldu duenez, “diru-laguntza hau San Isidro eliza birgaitzeko obrarako baino ez da. Auzotarrek eskaera hori egiten dute 2016tik, eta uste dugu onuragarria dela herriarentzat. Negoziatu ere egin dugu herriari San Isidro eliza eman ziezaioten, baina gutxienez teilatua konpontzeko konpromisoa hartu dute.”

EH Bilduko Kepa Urteagak erantzun du “negoziazioa porrota izan dela, izan ere, laguntza (24.000 euro) eta 10 urtez hilero 1.000 euro ordainduko diren alokairuaz gain, ez duzue ezer lortu trukean. Ez duzue lortu elizaren lagapena.”

Anuska Ezkurrak erantzun dio “zuek porrot gisa hartzen duzuena San Isidroko bizilagunen eta handik igarotzen diren guztien segurtasuna bermatzen dela uste dugula.”

Joseba Ezpeleta EH Bilduko zinegotziak ere argitu nahi izan du “ez gaudela elizaren teilatua konpontzearen aurka, baizik eta akordioaren aurka. Teilatua konpontzeko arduraduna eliza da, bera baita titularra. Batez ere, laguntza jabea ez den erakunde batek jasotzen duela kontuan hartzen badugu.”

Maria Ubarretxena alkateak ere argitu du “bi eraikin bereizi direla: bata eliza da, eta bestea erretiratuen etxea. 2007an 10 urteko lagapena adostu zen erretiratuen etxeko teilatua konpontzearen truke, gehi bost tazito. Orain arte ez da alokairurik ordaindu. Orain jarraipena eman zaio alokairu baten bidez. Orain, San Isidro elizako teilatua konpontzeko diru-laguntza eman zaie. Baina bi gauza erabat ezberdinak dira.”

Bi puntuak aurrera atera dira EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin (12), eta EH Bilduren eta Arrasate Podemosen kontrako botoekin (9).

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen