Ezkutuko ehiztaririk ez! [Testua: Piter Encinas eta Igor Urizar]

0
743

Testua: Ekologistak Martxan taldeko Piter Encinas eta Igor Urizar kideak / Argazkiak: EH Bildu artxibokoa eta MB artxiboa.

Orain dela hilabete batzuk egunkari batean basozain baten gorabeherak irakurri genituen. Nolabait irakurri genuenak animatu gintuen basozain horren bizipenak kontatzera.

Hasteko, esan behar dugu gure gutunaren izenburua motzegia dela, gure ustez kasu honetan, batez ere, bi lege-hausle daudelako: legez kanpoko praktikak erabiltzen dituzten ezkutuko ehiztariak (aurrerago aipatuko ditudanak); eta beste aldetik, politikari eta funtzionario batzuen zintzotasunik eza eta jarrera txarra. Azken horiek ere badute erantzukizuna, salaketen % 50 bulegotik ez direlako aurrera joaten, artxibatu dituztelako edo ez dutelako dagokion prozesua hasten.

Historia hau ondo kokatzeko, azaldu behar dugu basozain baten lana ehiza eta arrantza zaintzea izaten dela; horren ondorioz, bere lana ondo egiteko, lege urratze bat ikusten duenean salaketa jarri behar du. Beste kontu bat da lege-hausleek nola hartzen dituzten salaketa horiek, adibidez, basozainak kontatzen digu tiro bat joko diotela edo herriko etxea erreko diotela mehatxu egiten diotela.

Kontakizuna hasten da, basozainak 2018. urtean isilpeko bi ehiztari salatu zituenean. Jakina, salaketa horren ondorioz, epaiketara irits zitezen; baina, eginbide horretan, Foru Aldundiko Mendi buruak onartu zuen agiri batzuk faltsutu zituela, helburu batekin: isilpeko ehiztariak zigortzeke geratzeko.

Gu ez gara epaileak, beraz, ez dugu esango funtzionari horrek nolako zigorra merezi duen; baina uste dugu agiriak faltsifikatzea delitu larria dela, gutxienez prebarikazioa, gure iritziz. Prebarikazioa gertatzen da funtzionario publiko batek legez kanpoko jarrera edo jokabidea duenean, jakinda bidegabeak direla.

Beste kasu batean, bi basozain daude inplikatuta. Bi basozain horiek orkatz, basurde, orein eta abar animalia desberdin erakartzeagatik eta informazioa ehiztariei emateagatik daude inplikatuta (trofeo politak lortzeko). Gainera, hori gutxi ez balitz bezala, gau batean 4X4 deskapotagarri batean, foku batekin, bi basozain horiek beste bi ehiztariekin ehiza egiten eta isilgailudun errifle batekin harrapatu zituzten. Gertaera horrek esamolde bat gogorarazten digu: «zure oilategian ez jarri azeri bat zaindari gisa». (Horrexegatik lehenago esan dugu izenburua motzegia dela, errudunak ez direlako ehiztariak bakarrik.

Esaten ari garen guztia haratago doa, ehizaren alde gauden ala ez, gaur ez dugu esango; baina esan esango dugu jarduera hori dibertimendu gisa ulertzearekin ez gatozela bat.

Ezin dugu ahaztu lege malgu hauen gainetik pertsonak zigorgabetasun osoz ibil daitezkeela. Beraz, airera galdera bat botatzen dugu: Non daude “natura hainbeste errespetatzen duten” ehiza eta arrantza elkarte horiek? Ez dute tutik ere esan.

Basozain horrek honako hau ere kontatu zuen: ehiztari batzuk harrapatu zituen lizentziarik gabe, 5 tiroko eskopetekin (ilegalak dira), posta-kartutxuekin balekin beharrean; hau da, natura-maitaleen praktikekin bat datozenak. Hori ironiaz dator, bai.

Bukatzeko, ehizaren aurkako alegatu bat egin genezake, baina ez dugu gaur egingo; izan ere, basozain horrek jaso zuena oso larria izan zen, bere lana ondo egin nahi izateagatik, espedienteetatik hasi eta tratamendu psikologikoa edukitzera arte jasan behar izan zuen.

Bitartean, ezkutuko ehiztariek babes guztia dute eta funtzionario batzuek ez dute euren lana betetzen, norentzat dira legeak?

Oh.: Jakinarazi zigutenez, nekazaritzako diputatuak adierazi zuen funtzionari hori (Aldundiko Mendi burua) lanpostu horretatik kaleratuko dutela. Fiskaltzak 3 urteko kartzela-zigorra eskatzen zion eta horrexegatik fiskaltzarekin akordio batera ailegatu zen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen