Testua eta argazkiak: Debagoienako Ezker Anitza
240 argazkiz osatutako erakusketa zikloak Arrasateko gerrako haurrak gogoratuko ditu. Debagoieneko Ezker Kultur Guneak antolatu du erakusketa, Gerra Zibilean atzerriko herrialdeetan babes bila itsasontzietan abiatu ziren 33.000 euskal haurren istorioak helarazteko eta haien memoria aldarrikatzeko.
Erakusketak ume hauek Sobietar Batasunean, Frantzian, Erresuma Batuan, Belgikan eta Mexikon bizi izandakoak ekartzen ditu gogora. Horien artean, Isaias Albistegi eibartarra, II. Mundu Gerran Sobietar Batasuneko pilotu eta heroia izandakoa; Angel Etxeberria musikari eta akrobata; eta Eduardo Gorosarri apaiz eta musikari eskoriatzarra, 1937an El Habanan itsasoratu zena 4.000 neska-mutilen tutore gisa.

Material fotografiko asko dagoenez, Debagoineko Ezker Kultur Guneak hiru erakusketa antolatu ditu, bakoitza 80 argazkirekin. Lehena maiatzaren 5ean inauguratuko da eta maiatzaren 16an amaituko da. Bigarrena maiatzaren 19tik 30era bitartean eskainiko da, hirugarrena ekainaren 2tik 13ra izango da.
Debagoieneko Ezker Kultur Gunetik, balio historiko eta emozional handia duten doako erakusketa hauek bisitatzera animatzen dituzte eskualdeko bizilagunak. Jendaurreko ordutegia astelehenetik ostegunera izango da, 18:00etatik 19:30era, Arrasateko Aldai kaleko 9an duen egoitzan.





