Iazko lehen edizioaren arrakasta ikusita, zein berrikuntza edo aldaketa aurreikusi dituzue aurtengo Gazte Olinpiadetarako?
Iazko edizioa harrera bikaina izan zuen arren, pasa den urtekoa hobetzeko asmotan, parte-hartzaileen eta ikusleen feedback-ak kontuan hartuta hainbat aldaketa egin ditugu. Aurten jolas berriak izango ditugu, eta talde guztien esperientzia aberasgarriagoa izan dadin kontaktu fisikoa duten joko gutxiago egongo dira. Jolas batzuetan adibidez zoria faktore garrantzitsua izango da, gainera talde-lana eskatuko duten jolasak ere egongo dira, eta baita barre egiteko pentsatutakoak ere. Bestetik, aurtengo beste berrikuntzetako bat goizeko gosaria izango da. Gainera, jokoak burutzeko lokalizazio berriak ere izango ditugu, eta noski, aurten sari gehiago banatuko dira. Espero dugu aurreko urtean izandako giro ona errepikatzea.
Parte-hartzaile kopuruari dagokionez, zein helburu edo aurreikuspen dituzue aurtengo ediziorako?
Honezkero iritsi gara aurreko urteko zifretara; dagoeneko 50 kuadrillak eman dute izena. Aurreko urteko kuadrilla ia guztiek errepikatu dute, baina oraindik batzuk falta dira, eta hauek animatu nahi ditugu, haien aholkuak kontuan hartu baititugu edizio hau hobetzeko. Bestalde, 30 urtetik gorako kuadrillak ere animatu nahi ditugu izena ematera.
Zein dira izen-ematearen baldintzak eta epeak, eta nola egin daiteke izen-ematea? Ba al dago adin-mugarik?
Izen-ematea urtarrilean zabaldu genuen, eta datorren igandea, martxoaren 9a, izango da azken eguna. Izena emateko, hurrengo estekan dagoen formularioa bete behar da. Gaztetasunari dagokionez, argi utzi nahi dugu gazte sentitzeko ez dagoela adin-mugarik: 30, 40 edo 50 urte izan arren, Olinpiadetan izena eman daiteke. Aurten, adin ezberdinetako taldeak biltzea da gure asmoa, aurreko urtean heldu batzuk despistatuta ibili baitziren eta beraien partetik kexa ezberdinak jaso genituen. Horregatik, adin ezberdinetako kuadrillak parte hartzera animatu nahi ditugu. Baldintzak talde bakoitza gutxienez 10 pertsonakoa izatea eta Arrasatekoak izatea dira. Ez da adin kontua, jarrera eta Arrasatearra izanda nahikua!.
Aurten ekainaren 21ean ospatuko dituzue Olinpiadak. Zuen alde dago data, ala ez?
Aurten San Juan jaiak aste barruan izanik, uste dugu aurreko zapatua parranda egiteko aukera paregabea dela langile askorentzat. Gainera, honezkero txosna batzordearekin harremanetan jarri gara, eta ekainaren 21ean txosnak zabalduko dituzte, kontzertu eta guzti. Horregatik, San Juanei hasiera emateko edo aste barruko San Juanetako parrandak ordezkatzeko data oso egokia dela argi dago. Apuntatu guztiok, San Juan aurreko larunbata, ekainak 21
Zein dira Gazte Olinpiaden helburu nagusiak eta zer nolako eragina izan nahi duzue Arrasateko gazteen artean?
Helburu nagusia herritarren artean harremanak sustatzea da, bai gazteen artean, eta bai ez hain gazteen artean ere. Gure asmoa talde-lana, adiskidetasuna eta komunitatearen sentimendua indartzea da.
Zein erronka edo zailtasun izan dituzue antolakuntza prozesuan, eta nola gainditu dituzue?
Aurreko urtean, erronka handienetako bat baliabideen kudeaketa izan zen. Parte-hartzaile kopuru handia izanik, guztia antolatzea ez zen lan erraza izan. Baliabideei dagokienez, Arrasateko Udalaren babesa jaso genuen, baita herriko eragile ezberdinen laguntza ere: Arrasate Rugby Taldekoek bazkari guztia antolatu zuten, eta edari banaketari dagokionez, Mondrate taldearen laguntza izan genuen. Aurten ere, eragile hauen laguntza izango dugu. Aurrerago zabalduko dugu bazkariko izen-ematea.
Nola baloratzen duzue lehen edizioaren ondoren herritarren eta parte-hartzaileen feedback-a, eta nola erabili duzue hori bigarren edizioa hobetzeko?
Iazko parte-hartzaileen iritziak entzun eta hobetzeko hainbat puntu identifikatu genituen. Esaterako, iazko edizioan proba batzuk polemikoak izan ziren parte-hartzaileen artean, eta aurten jokoak moldatzen saiatuko gara, parte-hartzaile guztiek esperientzia ahalik eta atseginena izan dezaten, sortuko den giroaz gozatuz.




