Arrasateko Udala Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin bildu da berriki eta azken bileran adostutakoen artean, Lakuak oniritzia eman dio Arrasatek aurkeztutako etxebizitza eta ekintza planari, herria gune tentsionatua izendatua izan dadin. Apirilean argitaratuko du espainiar Estatuko Buletin Ofizialak Arrasate gune tentsionatu izendatzeko erabakia.
Maider Morras, Arrasateko alkateak, bere sare sozialetan argitaratutako bideo batean azaltzen duenez, «oso garrantzitsua da gune tentsionatu izendapena, merkatua orekatu eta bertan neurriak hartzeko aukera ematen baitigu, etxebizitza eskubide bat izan dadin eta ez espekulatzeko ondasun bat».
Ildo honetan, Arrasateko alkateak izendapen honen ondoren martxan jarriko dituzten zenbait ekimenen berri ere eman du. «Aurretik esana genuen Mesedeetako eraikina erosiko dugula eta berau Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren esku jarriko dugu, bertan gazteentzat eta pertsona nagusientzat etxebizitzak egiteko».
Era berean, San Andresen Udalarena den beste lur sail bat ere Eusko Jaurlaritzaren esku ipiniko du, bertan Lakuak beste etxebizitza promozio bat martxan jarri dezan.




