Eusko Jaurlaritzak ezohiko ikasturte hasiera honetarako onartu dituen neurri nagusiak

0
1346

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur eguerdian iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak ezohiko ikasturte hasiera honetarako onartu dituen neurri nagusiak. Hezkuntza eta Osasun Sailek aztertu eta definitu dituzten neurriak Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (LABI) gaur goizean Lehendakaritzan egindako bileran azaldu dira, eta hezkuntza-eragileei eta ikastetxeei bidali zaizkie.

Pandemiaren bilakaeraren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak eguneratu egin behar izan ditu “Ikastetxeetan koronabirusaren aurrean jarduteko Protokolo Orokorra(2020-2021 ikasturtea)” dokumentuan jasotako zenbait jarduera eta neurri. Protokolo hori ikastetxeei eta hezkuntza-komunitateari bidali zitzaien ekainaren amaieran, eta, handik gutxira, “Lan-arriskuen prebentziorako neurriak EAEko

ikastetxeetan, COVID-19ren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko”. Eusko Jaurlaritzak orain hartu dituen neurriek dokumentu horietako eduki batzuk eguneratzen dituzte, hezkuntza-etapak eskolara hasteko datak zehazteaz gain, eta ikastetxeentzako errefortzuak ere identifikatuz.

Hasteko datak

Aurtengo ikasturtearen hasierarako onartutako eskola-egutegiak irailaren 7tik aurrera izan behar zuen hasiera orokorra. Baina pandemiaren bilakaerak geletarako itzulera mailakatua izatea gomendatzen du. Horrela, egutegia honela geratzen da ezarrita:

  • Haur eta Lehen Hezkuntza eta DBH 1 eta 2: ikasturte hasiera irailaren 7tik aurrera (ikastetxe bakoitzak aurrez ezarria zuen egutegiaren arabera).
  • DBH 3 eta 4, eta Batxilergoa: ikasturte hasiera irailaren 15ean.

Lanbide Heziketari dagokionez, tailerrak eta lantokietako praktikak antolatu beharra dela-eta, ikasleak irailean zehar bueltatuko dira, honako egun hauetan hasita:

  • Goi-mailako Lanb. Heziketa: 
    • maila: irailak 14
    • maila: irailak 16
  • Erdi-mailako Lanb. Heziketa:
    • maila: irailak 21
    • maila: irailak 23
  • Oinarrizko Lanb. Heziketa:  
    • Lanbide Heziketako ikastetxeetan ematen bada:
      • maila: irailak 28
      • maila: irailak 30
    • Udalen zentroetan ematen bada:
      • maila: irailak 14
      • maila: irailak 16

Prebentzio pertsonaleko neurriak

Prebentzio pertsonaleko neurriei dagokienez, ekaineko Protokoloak eta uztailean aurkeztutako Lan Arriskuen Prebentziorako Neurriek jasotzen dituzte dagoeneko funtsezko alderdiak. Hala ere, zenbait neurri zehaztu edota gehitu dira, ikastetxeetako segurtasuna indartzeko asmoz.

Horrela bada, Hezkuntza eta Osasun sailek uste dute garrantzitsua dela maskaren erabilera indartzea. Derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera uneoro erabiltzea, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gorde. Haur Hezkuntzan ez da derrigorrezkoa izango. Irakasleen kasuan, maskara erabili beharko dute beti.

Ikastetxeetan kudeaketa 

Ikastetxeei dagokienez, bakoitzak arduradun bat izango du COVID-19rekin lotutako alderdiak lantzeko. Pertsona hori, zentroko zuzendaritzarekin batera, Osasun Publikoarekiko koordinazioaz arduratuko da.

Halaber, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko ESI bat izango du (Erakunde Sanitario Integratua). Ikasle edo irakasle batek COVID-19rekin bateragarria den sintomarik badu, ez du ikastetxera joan beharko. Azkenean kasua baieztatzen bada, ikastetxea bere erreferentziazko ESI-arekin harremanetan jarriko da, eta uneoro Osasun Publikoaren jarraibideak beteko dira.

Egoeraren bilakaeraren jarraipena egiteko, balorazioa egiteko, neurriak hartzeko edo aurreikusitako ekintzak modulatzeko, astero bilduko den Jarraipen Batzorde bat egongo da lurralde bakoitzean, Osasun Publikoak eta Hezkuntza Sailak osatua. Gainera, Hezkuntza-COVID Aholku Batzordea ere eratuko da.

Zerbitzu osagarriak

Eskola-garraioari dagokionez, COVID-19ren aurkako prebentzio-neurrien inguruan indarrean dagoen araudia aplikatuko da, bai eta “Lan-arriskuen prebentziorako neurriak EAEko ikastetxeetan, COVID-19ren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko” dokumentuan jasotakoak ere.

Era berean, gomendagarria da ikasleek autobusean eserleku jakinak edukitzea, autobus bakoitzean garraiatzen diren haurren zerrenda izatea eta hauek autobusean zein lekutan esertzen diren ezagutzea. Ikasle guztiek eta gainerako langileek maskara erabiliko dute uneoro, baina 6 urtetik beherako haurren kasuan ez da derrigorrezkoa, bai ordea gomendagarria.

Jantokiari dagokionez, ikasturtearen hasiera honetan, ikasle kalteberak dituzten ikastetxeetako jantoki-zerbitzua lehenetsiko da, ikastetxeak jantoki-zerbitzuaren eskaintzari buruz hartutako erabakiaren arabera, eta betiere lan-arriskuen prebentziorako neurrietan ezarritako neurriak errespetatuz.

Beharrak identifikatzea

2020-2021 ikasturtearen hasierak aurreko ikasturteez bestelako plangintza eta aurreikuspena eskatzen du. Pandemiak ikastetxeetan eragiten dituen beharrak honako hauek dira: segurtasuna eta higienea bermatzen duten materialak, irakasleen errefortzua kasu batzuetan, eta tresna teknologikoen errefortzua.

Ikasturte hasierari begira, Hezkuntza Sailak 1.000 irakasleren kontratazio gehigarri eta apartekoa aurreikusten du. Profesional horiek hezkuntza-zerbitzua indartuko dute ikasgela bakoitzeko ikasle gehien dituzten ikastetxeetan.

Espazioen kudeaketa ere beharrezkoa izango da aurtengo ikasturtean. Hala, ikastetxeko zuzendaritza bakoitzak gauzatzen duen espazioen antolaketaz gain, Hezkuntza Sailak EUDELi eskatu dio udalen lankidetza udal-instalazioak lagatzeko, ikastetxe batek bere hezkuntza-jarduera garatzeko espazio gehiago behar duen kasuetarako.

Teknologiari dagokionez, aurreko ikasturtean izandako esperientziaren ondoren, Hezkuntza Sailak funtsezkotzat jo du ikastetxeen eskura dauden ekipo informatikoak handitzea. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak 24.361 ekipo eramangarri (ordenagailu eramangarriak) erosi ditu, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat. Bai tresneria berria, bai lehendik daudenak, behar duten ikastetxeen eta familien eskura egongo dira, ikastetxeko zuzendaritzaren irizpidearen arabera. Gogoratu behar da joan den ikasturtean ikastetxeek 6.000 ordenagailu baino gehiago utzi zizkietela behar zuten familiei, baita interneteko konexioak eta 500 tableta digital ere.

Higienea eta segurtasuna

Aurreko ikasturtean hezkuntza-etapa batzuetan aurrez aurreko jarduerari berrekitean gertatu zen bezala, Hezkuntza Sailak hezkuntza-jarduera bermeekin garatzeko behar den higiene- eta segurtasun-materiala emango die ikastetxeei:

  • Ikastetxeen garbiketa: Hezkuntza Sailak enpresa esleipendunekin adostu du hasieran aurreikusitako zerbitzua handitzea. Zentro guztiek garbiketako langileak izango dituzte goizeko ordutegian, komunen eta gainazalen garbiketa indartzeko (heldulekuak, botoiak, barandak, etengailuak, etab.).
  • Maskara kirurgikoak: Hezkuntza Sailak 500.000 maskara bidaliko ditu hilero ikastetxeetara. Ikasturtea hasi baino lehen, 800.000 maskara kirurgiko bidaliko dira, lehen Gela egonkorretarako eta langile espezializatuetarako (fisioterapeutak, etab.), beren jarduerarako egokiak diren norbera babesteko ekipamenduak banatuko dira, batez ere, ffp2 motako maskarak, pantailak eta nitrilozko eskularruak.
  • Termometroak: ekainean kontakturik gabeko termometro digital bat banatu zen ikastetxe bakoitzean. Ikasturtearen hasieran, termometroen banaketa berria egingo da ikastetxeen behar bereziak asetzeko (eraikin bat baino gehiago duten ikastetxeak, edo ikasle asko izateagatik termometro bat baino gehiago beharrezko duten ikastetxeak, etab.).
  • Gel hidro-alkoholikoa: Hilean 5.000 litro gel hidro-alkoholiko banatuko dira. Iraileko lehen astean, 500 ml-ko 10.000 poto banatuko dira ikastetxeetan.

COVID-19 datuen eguneratzea Euskadin

Atzo, 9.176 PCR proba egin ziren, eta, haietatik, 764 positiboak izan ziren.

Lurraldeen arabera: 94 Araban, 432 Bizkaian, 225 en Gipuzkoan eta 13 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan.

Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 54 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 32 pertsona ZIUn daude.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen