Santa Teresa auzoa berroneratzeko 7’3 milioi erabiliko ditu Jaurlaritzak

1
948

Lurralde Plangintza Sailak 93 milioi euro jarriko ditu hiri-berroneratzearen programa zenbait auzotan zabaltzeko. Proiektu hauekin guztira 21 udalerritan hedatuko da programa. Lan eta Enplegu Sailak zortzi milioi euro jarriko ditu auzo horietan bertan prestakuntza eta enplegua bultzatzeko.

Testua: Eusko Jaurlaritza.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko 14 auzo zaurgarritan jardungo du, auzo horien hiri, ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloko berroneratze integralari ekiteko. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintzako sailburua auzo horiek kokatzen diren udalekin bildu dira gaur, auzo horietan abian jarriko diren planei buruz mintzatzeko. Plan horiei esker, auzo horietan energia-trantsizioa bultzatuko da, eraikinen eta etxebizitzen bizigarritasuna hobetuko da, eta biztanleen lan-munduratzea sustatuko da. Esku-hartzeen helburua izango da klima-aldaketaren aurkako borrokan egindako urratsak eta gizarte-erronka berrien aurreko prestakuntza Euskadiko herritar guztiengana iristea, non bizi diren eta zer baliabide duten kontuan hartu gabe.

Jarduketa horiek Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek 2022-2024 aldirako onartutako Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planaren parte dira. Testuinguru horretan, lehentasuna izango du auzo zaurgarrietako hiri-berroneratze integralak. Eusko Jaurlaritzak sei urte baino gehiago daramatza plan horretan lanean, eta, hamabi herritako 14 auzo horiekin, guztira 21 udalerritara iritsiko da jada programa. Herri horietako ekintzei ekiteko 101 milioi euro jarriko dira; 8 milioi Lan eta Enplegu Sailak jarriko ditu eta 93 milioi Lurralde Plangintza Sailak.

Idoia Mendia Lehendakariordeak programa berriaren garrantzia nabarmendu du, “programa berria da, bultzatzen ari garen beste batzuk ez bezalakoa, baina beste horiekin guztiekin ezaugarri komun bat du, gobernu-esparru desberdinen arteko bat-etortzea, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako bi sailen eta udalen artean”. Ildo horretatik, adierazi duenez, “erantzun berriak ematen ditu egoera berrien aurrean; kasu honetan, energia-trantsizioaren eta hiri-eraldaketaren erronkari aurre egiteko, hau da, gizarte-eraldaketaren errokari aurre egiteko”. Horrez gain, aukerak eskaintzen dizkie enplegurako zailtasunak dituzten pertsonei, profil egokiak bilatzen dituzten enpresei eta bertako biztanleentzako ingurune atsegina eta jasangarria nahi duten udalerriei.

Lan eta Enplegu Saila arduratuko da —zortzi milioi euroko hasierako aurrekontuarekin— enplegurako prest dauden eta eraikuntza-sektorearen eskakizun berrietara egokitzen diren 167 pertsonaren prestakuntzaz, kontratazioaz, orientazioaz eta laguntzaz. Esperientzia hori udalerri bakoitzeko enplegu-eskatzaileei zabalduko zaie, baina, lehentasunez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile diren pertsonei, baldin eta proiektuan parte hartzen duten udalerrietatik 50 kilometroko erradioan bizi badira eta luzaroko langabeak badira.

Zehazki, bi hilabetez jasoko dute berariazko prestakuntza, eta errenta bermaturako eskubidea jasotzen jarraituko dute, dagokienaren arabera. Ondoren, txandakako prestakuntzako 10 hilabeteko kontratua izango dute, azken lan-erreforman jasotako baldintzetan. Txandakako prestakuntza-kontratuetan, denboraren % 35 prestakuntzara bideratuko da eta % 65 enplegura. Jaso beharreko gutxieneko ordainsaria soldata gordin osoaren % 75 izango da. Gainera, prozesu osoan orientazio, akonpainamendu, aholkularitza eta informazio profesionala izango dute, besteren konturako lana bilatzen laguntzeko.

Auzo berriek auzo-bulegoak izango dituzte —Opengela Europako proiektuaren ereduari jarraikiz— eta herritarrek bulego horietan kontsultatu ahal izango dute zer laguntza dauden eta nola jardun behar den etxebizitzak berritzeko irisgarritasunaren, bizigarritasunaren edo energia-efizientziaren arloan. Auzo horietako batzuetan, proiektuak aurreikusten du eraikin publikoak birgaitzea eta, hala, auzokoentzat ekipamenduak sortzea. Araban, Gasteizko Zaramaga auzoan lan egingo da; Bizkaian, Bilboko hiru auzotan (Unzeta parrokoa, Urizar dorrea eta Uretamendi), Bermeon (Iparragirre eta Txibitxiaga) eta Sestaon (Vista Alegre); eta Gipuzkoan, Arrasaten (Santa Teresa auzoa), Donostian (Altza), Eibarren (Hijos de Gabilondo), Elgoibarren (Sigma etxebizitzak), Errenterian (Beraun), Leaburun (Txarama), Soraluzen (Ezozia) eta Irunen.

Bestalde, Iñaki Arriola Lurralde Plangintzako sailburuak adierazi duenez, “udalerriek aurkeztu dizkiguten proiektuak kontutan izanda, 1.700 familia inguruk jasoko dituzte % 70 eta % 100 bitarteko dirulaguntzak, zaurgarritasun handieneko kasuetan. Dirulaguntza horiei esker, familia horiek guztiek beren etxebizitzen deskarbonizazioari aurre egiteko eta bizi-kalitatea hobetzeko aukera izango dute, eta etxebizitza bizigarriagoak eta gizarte- eta ingurumen-erronka berrietara egokitutako hiri-ingurunea izango dute.Neurri horiekin, gainera, desberdinkeriari aurre egingo diogu eta gizarte-kohesio handiagoa sustatuko dugu gure herrietan eta hirietan”.

Arrasaten Santa Teresa auzoa

Arrasatek Santa Teresa auzoaren berroneratzea sustatuko du, eta, ildo horretan, eraikinen inguratzaileak, berokuntza sistemak eta irisgarritasuna hobetuko ditu (igogailuak jarriko dira eraikinetan zein espazio publikoetan). Gainera, plaka fotovoltaikoak jarriko dira autokontsumo partekatuko erkidegoen eraketan aurrera egin dadin, eta hirigunean elektromugikortasuna bultzatzeko ekipamenduak jarriko dira.Lurralde Plangintzak 7,37 milioi euro jarriko ditu proiekturako, eta 96 etxebizitzatan lan egingo dela aurreikusten da.

Iruzkin 1

  1. 2 urtez bilerak eta lanak egin dituzte Auzo Elkarteak eta mankomunitateak, auzoarentzako laguntzak lortzeko. Orain zaindu behar dugu diru hori auzoan inberti dadin. Espero dezagun prentsan agertu beharrik ez izatea ez dela bete salatuz, azken aldietan bezala.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen