Euskarazko liburuak aztertzen dituen gida argitaratu du MUk

0
206

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak iaz haur eta gazteentzat euskaraz argitaratu ziren 225 liburuak aztertu ditu. Azterketa horren emaitza da 2022ko Haur eta gazte literatura irakur gida. Argitalpenak hiru kategoriatan sailkatzea da gidaren helburua; hona hemen kategoriok: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Horretarako, hizkuntzaren erabilera, literatura-kalitatea edo gaien tratamendua aztertzen dira, besteak beste.

Zortzi erakundetako 14 profesional (liburuzainak eta irakasle adituak) izan dira gida egin duen lan-taldean, eta argitalpenak irakurri eta aztertzeko ardura izan dute. Hauek dira erakundeok: Aramaioko Udal Liburutegia, Bergarako Udal Liburutegia, Eskoriatzako Udal Liburutegia, Legazpiko Udal Liburutegia, Oñatiko Udal Liburutegia, Aretxabaletako Kurtzebarri Eskola, Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola eta Mondragon Unibertsitatea. Gida koordinatzeaz Mondragon Unibertsitateko Marikarmen Apraiz arduratu da, eta edizio honetako azalaren diseinua Arizmendi Ikastolako Elene Magunazelaia ikaslearena izan da.

Ebaluazio-irizpideak

«Hauxe izan da taldearen lan-teknika: haur- eta gazte-literaturan 2022. urtean euskaraz argitaratu dena irakurtzea, gure irakurketak alderatzea eta hizkuntzaren erabilera, literatura-kalitatea, gaiari ematen zaion tratamendua eta abar baloratzea» azaldu dute gida ebaluatu duten profesionalek. Liburu guztiak irakurri ondoren, lantaldeak hiru kategoriatan sailkatu ditu lanak: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken kategoria horretako liburuei aipamen bat egin zaie.

Liburu bakoitzari esleitu dioten gutxi gorabeherako adinari dagokionez, gidaren egileek adierazi nahi izan dute zenbaki hori «orientagarria» dela; euren esanetan, «erritmoak, haurren zaletasunak eta abar sailkaezinak dira. Gure ustetan, haurrek liburuak askatasunez aukeratzea oinarrizkoa da, eta funtsezkoa, irakurzaletasuna sortzeko».

Nabarmendu behar da Haur eta gazte literatura irakur gida ikusminez espero den bilduma dela; izan ere, urtero, gida hau deskargatuenetako bat da Mondragon Unibertsitateak argitaratzen dituen argitalpenen artean.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegia 1990an hasi zen haur eta gazteentzako liburuen gidak kaleratzen, udal-liburutegietako liburuzainen eta zenbait ikastetxetako irakasleen laguntzarekin. 2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak sarean daude eskuragarri.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen