“Euskarazko bideojokoak, itzulpen automatikoak,… eskura daude Sarean”

0
1104

Herritarrek eskura dituzte transkripzio edota itzulpen automatikoak elhuyar.eus -en, Igor Leturiak hitzaldian azaldu bezala. Baita euskarazko bideojokoak gamerauntsia.eus -en ere, Maitane Jungituk adierazi bezala. AZK eta Youtuber euskaldun batek ere aukeretaz aritu ziren, ‘IKT eta aisialdi birtuala’ hitzaldian.

Ekin Emakumeak, AED eta Txatxilipurdik antolatuta, Txertoa.eus hitzaldi zikloaren azken ekitaldia egin zen asteartean.

‘IKT eta aisialdi birtuala’ hitzaldia Kulturaten egin zen, eta streamming bidez ere jarraitu ahal izan zen Goiena.eus eta Game Erauntsia webguneetan.

Hitzaldiaren hasieran baloratu egin zen euskara alor honetan “proportzionalki ez dagoela egoera bat ere txarrean, bere hiztun kopurua eta baliabideak kontuan hartuta, munduko beste hizkuntzekin alderatuta”.

Igor Leturia Azkarate arrasatearra Elhuyarko Hizkuntza eta Hizketa Teknologien Sailaren arduraduna da.
Hitzaldian baieztatu zuenez “Elhuyarren tresna batzuk sortzen ditugu euskarari laguntzeko alor ezberdinetan, besteak beste, aisialdi birtualean”.

Zeregin garrantzitsu horretan itzulpen automatikoak, hizketaren ezagutza (audio bat testu bihurtu), hizketaren sintesia (alderantzizkoa, testutik hizketaren audiora sortzea),… garatzen dituzte, eta horren adibide batzuk azaldu zituen hitzaldian.

Elhuyarren erremintetako batekin kanpoko hizkuntza baten azpitituluak euskarara ekar daitezke, azpitituluak itzuliz edota audioak sortuz.

Izan ere, “egun gazte askok anime [japoniar animazioa] ikusten dute ingelesezko edo gaztelerazko azpitituluekin. Horretarako aurrez Internetetik azpititulu horiek jaitsi behar dira, eta ondoren ingelesezko horiek euskarara itzul daitezke automatikoki”. Gainera, “etorkizunean audioak ere sor litezke animazioa euskaraz entzuteko”.

Izan ere “fikziorako audioak automatikoki sortzea momentuz zailagoa da (ahos ezberdinak, adierazkortasuna…) baina etorriko da. Oraingoz dokumentalak, hitzaldiak eta halakoetan egin ahalko litzateke”.

Herritarrek eskura duten beste erreminta batek ahalbidetzen du euskarazko edukiak euskaraz ez dakitenei helaraztea:

“Adibidez euskarazko youtuber batek, Aditu plataformara bideo bat igotzen badu, bideoa automatikoki azpititulatuko da. Areago, azpitutuluak edita daitezke, interface batek lagundurik. Hori egin ostean, itzulpen automatikoari sakatuz gero, euskarazko bideoa hainbat hizkuntzan azpititulatuta egongo da”.

Elhuyarren beste erreminta bat zuzeneko transkribapena da, hots, “transkribatzaile automatikoak bideo edo audio bat zuzenean transkribatu edo azpititulatzen du”.

Azken erreminta bat bozgorailu adimenduna da, “Google Nest edota Amazonen Alexa bezalakoa. Gure etxeetan gero eta gehiago daude baina ez dira euskarazkoak”.

Arazoari aurre egiteko Elhuyar, Talaios eta Arrasateko Skura euskarazko asistente adimenduna garatzen dabiltza, mycroft.eus izeneakoa, eta uztailerako prest egon liteke.

Hitzaldian ere Arrasateko AZK enpresako Olatz Artolak parte hartu zuen, eta baieztatu zuen “eduki digitalak egiteaz gain, oro har komunikazio estrategikoa egiten dugula”.

Maitane Jungituk (Game Erauntsia) gazteak ere hitza izan zuen hitzaldian. gamerauntsia.eus bideojokoak euskaraz sortzeko elkarteko ordezkari honek bi arazo azaldu zituen: “Euskarazko bideojokoen eskaintza oso urria izatea, eta bideojokoen inguruko euskarazko informazioa oso mugatua izatea”.

Izan ere, tamaina handiko bideojoko enpresek ez dituzte euskarazko edukiak sortzen, eta ondorioz “euskararekiko begirunea duten garatzaileek sortzen dituzte euskarazko bideojokoak”.

“Katalunian eta Euskal Herrian badira horren hainbat adibide. Horregatik hain garrantzitsua da sektore hau babestea eta laguntzea”.

Youtuberrek ere eragin handia dute egungo gizartean, eta hauetako bat, Aiora Mujika hitzaldian parte hartu zuen, moderatzaile lanak egiteaz gain. Aiora Mujika euskarazko Youtuberraren lehen ikus-entzunezkoak 89.927 ikustaldi izan ditu egun arte.

Oro har, esparru honetan ere ez dago emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik, eta gainera “emakume sortzaileon aurkako erasoak izaten dira”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen