Ikusgarria da azken mende erdian euskararen alde euskaldunok egin dugun lana. Zenbatezinak
dira urte hauetan euskaraz bizitzeko herriz herri egin ditugun ekimenak eta sortu ditugun
egitasmoak. Horri guztiari esker euskara galzoriaren ertzetik urruntzea lortu dugu, harro egoteko
modukoa den herri ahalegina izan delarik.
Asko egin eta lortu dugu zalantzarik gabe, baina ez da nahikoa. Euskararen patua amildegitik
urrundu dugu baina ezin esan etorkizuna ziurtatua duenik. Ez etorkizuna ezta orainaldia ere, egun ezin baikara euskaraz normaltasunez bizi. Gure haur askok ez dute euskara maila nahikoa lortzen, eta lortzen dutenen kasuan erdaraz hitz egiteko joera nagusi da, ingurune linguistikoak horretara bideratzen baititu. Udalera jotzen dugunean, edo medikuarengana, edo beste zerbitzu
publikoetara, langile euskalduna topatzea mirari bat izaten da askotan. Lan munduan zer esanik
ez, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Gure bizitzetan gero eta eragin gehiago duten
teknologia berrietan ere sinbolikoa da. Hori gutxi ez eta euskararen eta euskaldunon aurkako
espainiar eta frantziar estatuen ekinbideak ez du etenik, azken egunetako adierazpen eta
epaiek adierazten diguten bezala.
Urteotan euskararen alde egindako lan guztia bururaino eraman eta euskaldunok euskaraz bizi
ahal izateko burujabetza behar dugu ezinbestean. Soilik euskaldunoi dagokigu erabakitzea zein
nolako hizkuntza-politika aplikatu behar den gure herrian. Burujabetzarik gabe kanpoan erabaki
eta ezartzen digute euskararen hedapena noraino eta nolakoa den, gure eskumenak erabaki
horiek mugatuak direlarik, mendekotasun egoeran.
Ondorioz, duela 40 urte gure herrian ezagutu genuen euskararen aldeko susperraldi berri baten
beharra dugu. Pertsona eta talde euskaltzaleak berriz ere aktibatu eta kalera ateratzeko unea
dugu. Euskal Herrian Euskarazek kalera ateratzeko deialdia luzatzen dizu beraz euskaltzale lagun
hori. Gure eskubideen defentsan eta euskararen alde, abenduaren 6an Durangon deitu dugun
manifestaziora gonbidatzen zaitugu. Euskaraz bizitzeko kalera!
Hori errazte aldera, Arrasateko EHEk autobusa antolatu du. Autobusa Okorotegitik irtengo da
15:30ean eta gaueko 00:30ean bueltatuko da Durangotik. Izen ematea Irati tabernan egin
daiteke (5€).
EUSKARAREN ERREPUBLIKA IRABAZTERA GOAZ!