Beheko testua eta kartela: ISEA.
Urtarrilaren 18an, asteazkena, arratsaldeko 6etan, “Euskararen Batuaren Bizibidea” hitzaldia eskainiko da Arrasateko KulturATEn.
Aipatu hitzaldia Pello Salaburuk emango du. Pello Salaburu irakaslea, euskalaria eta idazlea da.
Era berean, Pello Salaburu Euskaltzaindiako kidea da (euskaltzain osoa), eta erakunde horren Gramatika batzordearen burua da. Hiztegi Batuaren lanak berak koordinatzen ditu. 1996-2001. urteen artean EHUko errektorea izan zen.
Pello Salaburuk argitara eman dituen lan nagusiak euskal gramatikaren eta hizkuntzalaritzaren ingurukoak dira. Baztango euskalkia ere xeheki aztertu du bere lanetan.
Jakina denez, Euskara batua Euskaltzaindiak proposatutako euskara eredua da, 1968ko urriaren 3tik 5era Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarrean (Oñatin) abiatu zen batasun aurrerabidetik sortua.
“Euskararen batuaren bizibidea” izeneko hitzaldiaren helburua “Batuaren Jaiotza” nola gauzatu zen azaltzea da; alegia:
- Zeintzuk izan ziren Batuaren beharraren inguruan eman izan ziren eztabaidak?
- Zergatik erabaki izan zen Batua sortzea beharrezkoa zela?
- Zeintzuk izan ziren Batuaren sorreraren inguruko erabakiak.
- Zeintzuk izan ziren lehenbiziko erabakiak?
- Zeintzuk izan ziren Euskalkien inguruko eztabaidak?
- Zein emari eman zion Euskalki bakoitzak Batuari bere sorreran?
- Erabili izan zen inolako “metodologiarik” Batua sortzeko?
- Zeintzuk izan ziren erabaki horien inguru ko eztabaidak?
- Zeintzuk izan ziren Batuaren inguruko lehenbiziko lanak?
- Nola landu izan zen euskal aditza?
- Zeintzuk izan ziren gramatikaren inguruan egin ziren lanak?
- Eta abar.
Hitzaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako «Gipuzkoa Belaunaldi Arteko» proiektuarekin lotuta dago, «Etorkizuna Eraikiz» ekimenaren testuinguruan, eta baita ADINBERRI Fundazioak garatzen dabilen “HARIAK-Bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako estrategia” deritzonarekin ere.
«Gipuzkoa Belaunaldi Arteko» proiektuarekin helburua ezagutza transmititzeko eta komunitatearen garapenerako belaunaldien arteko lotura sustatzea, eta, oro har, lankidetza eta balio-zahartzea sustatzea, eta horretarako, herritarrei irekitako belaunaldi arteko trukaketa, esperimentazioa eta lankidetza bultzatzeko gai izango den gune bat bultzatzen beharrezkoa da.