Argazkiak eta beheko testua: Arizmendi Ikastola.
Euskalduntzen duen hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute Euskal Herriko Ikastolek epaitegien esku-hartzeen aurrean
Hezkuntza sistemak ez duela behar bezainbeste euskalduntzen eta hori dela ezkutatu ezin den sakoneko arazoa azaleratu dute Euskal Herriko Ikastolek.
Egoera honen aurrean, euskararen biziberritzean jauzi berri bat emateko hezkuntza sistema propio eta euskalduna indartzeko zein zabaltzeko deia egin dute.
Euskalduntzea ezin da euskara ikasgaira soilik mugatu; euskaldun osoak hezteko, ikasgai guztietan eta ikasgelatik kanpo euskal dimentsioa elikatu beharra dagoela adierazi du Ikastolen Elkarteak.

Epaitegien esku-hartzea salaketan
Euskal Herriko Ikastolek bereziki larritzat jo dute azkenaldian epaitegietatik izaten ari den esku-hartzea. Erabaki horiek berriz ere euskararen aurka egiten dutela, herritarren berdintasuna kolokan jartzen dutela eta hezkuntza sistema
bera kaltetzen dutela salatu dute. Epaileen jarrera honek agerian uzten duela herri gisa gorpuzten dituzten egitura propioen beharra, betiere herritik eta herriarentzat sortuak, eta herritarrek eurek kudeatutakoak.

Autoeraketaren bidetik, etorkizuna eraikitzen
Egoera politiko eta judizial honen aurrean, Ikastolek euren konpromisoari sendo eutsi diote eta bidea urratzen jarraituko dutela berretsi dute, euskaldun osoak hezteko espazio eta aukera berriak sortuz. Horrela, gaurko autoeraketatik abiatuta biharko euskal hezkuntza elikatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute, biharko herritar euskaldunak gaurdanik heziz.

Arizmendi Ikastolak bat egin du aldarrikapenarekin
Egoera honen aurrean, Arizmendi Ikastolak bat egin du nazio mailako aldarrikapen honekin. Hori irudikatzeko, talde argazkiak atera dituzte Ikastolako guneetan, euskararen biziberritzean jauzi berri bat emateko eta euskal hezkuntza eredua babesteko duten konpromiso sendoa agerian utziz.





