Euskaraldiko Gazte Batzordea eratu da eta Herri Batzordea eratuko da

0
265

Herri Batzorde irekiaren lehen bilera ekainaren 8an izango da, 18:30ean eta AED-n. Arrasatearrek Euskaraldian ere parte hartu ahalko dute Belarriprest, Ahobizi eta Ariguneak sortuz.

Beheko testua eta argazkia: Arrasateko Euskaraldia.

2018an egin genuen lehenengoa, 2020an bigarrena eta, esaerak dioen moduan, ez dagoenez bi hiru gabe, badator 3. Euskaraldia, aurrekoetan egindakoa sendotu eta euskara biziberritzeko prozesuan jauzi kualitatiboak emateko gogoz. Izan ere, aurreko bi edizioen ostean egindako ikerketek argi erakusten dute Euskaraldia ekimen eraginkorra dela, eta herritarrok euskararen erabilera indartzen jarraitu nahi dugula, gainera.

Motorra berotzen hasia da jada, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dugun ariketa sozial erraldoiak, aurre lan handia eskatzen baitu. Arrasaten ere hegalak astintzen ari gara, honen adibide ekainaren 1ean eratu den Gazte batzordea. Euskaraldia gaztetu nahi dugu eta hau izango da batzorde honek edukiko duen erronka. Taldeak baditu dagoeneko gazteak saretzeko eta Euskaraldian aktiboki parte hartzeko hainbat proposamen, baina erabat zabalik dago kide eta ideia gehiago batzeko. Hurbildu, bada, hurrengo bilerara, ekainaren 15ean, 19:30ean Monterronen.

Bien bitartean, eta ildo beretik, Herri Batzordearen berri ere ematen dizuegu. Ekainaren 8an izango da lehenengo bilera, 18:30ean eta AED-n. Bertara etortzera animatzen zaituztegu, zenbat eta anitzagoa izan, aberatsagoa izango baita Arrasateko Euskaraldia.

NOLA PARTE HARTU EUSKARALDIAN?

Euskaraldian aktiboki parte hartzeko modu ezberdinak dituzue. Alde batetik, aurretik esan bezala, herriko antolakuntzan esku-hartuz. Hau da, batzordeetako kide izanez, kaleko ekintzetan lagunduz, nork bere entitatea eta ingurua ariketan parte hartzera animatuz… Eta, bestetik, norbanako bezala Belarriprest edo Ahobizi izanez.

Bestalde, herriko enpresa, komertzio, taberna, zerbitzu, denetariko elkarteek… entitate gisa ere parte har dezakezue, Ariguneak sortuz. Maiatzaren 18an zabaldu zen entitateek izena emateko epea eta, horrekin batera, aurretik parte hartu duzuen entitateok mezu bat jaso duzue, zuen parte hartzea berresteko aukera emanez. Animatu eta ekin!

NOLA EMAN IZENA?

Izen ematea www.euskaraldia.eus webgunearen bidez egiten da. Entitateak atalean sartuz, lehenengo aldiz izena emateko zein, aurretik parte hartu baduzu, datuak berresteko edo eguneratzeko aukera daukazue. Horrez gainera, ariketa egiteko prozesuaren azalpena pausorik pauso ere azaltzen da bertan.

Entitateek, aurrekoan bezala, ariguneak osatuko dituzte parte hartzeko, euskaraz lasai aritzeko guneak alegia. Horretarako baldintza ariguneko kide guztiak, edo gehiengo handi bat, euskara ulertzeko gai izatea da.

Azalpenak azalpen, izena emateko laguntza behar izanez gero, edota zalantzaren bat argitu, ez izan dudarik gurekin harremanetan jartzeko, arrasate@euskaraldia.eus -era idatziz edota 639942094 telefonora deituz.

AHOBIZIAK ETA BELARRIPRESTAK NOIZ?

Udako oporren ostean, Ahobizien eta Belarripresten txanda etorriko da. Irailaren 28an hasiko da, hain zuzen ere, norbanakoek izena emateko epea, eta, oraingo honetan, 2. edizioan ez bezala, parte-hartzaile berriek soilik eman beharko duzue izena www.euskaraldia.eus webgunean.

Horretarako lagungarri izango dira kalean ipiniko ditugun informazio mahaiak ere. Aurreko edizioetan izena eman duzuenok, irailetik aurrera, mezu bat jasoko duzue link baten bitartez 3. edizioan parte hartu nahi duzuela berresteko, orain arte izan duzuen Ahobizi edo Belarriprest rola aldatzeko zein ez duzuela parte hartuko esateko. Hori bai, txapa berria hartzeko aukera izango duzue guztiek parte-hartzaile berriek zein lehengokoek.

Aurreko edizioetan handia egin genuen Arrasaten eta aurtengoan ere ez gara atzean geratuko. Guztion elkarlanarekin Euskaraldia oparoa biziko dugu, Arrasatek euskarari ematen dion tokia ikusaraziz eta kaleak hartuz. Hitzez Ekiteko Garaia da eta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen