Urriaren 31an itxiko da entitateen izen ematea.
Testua: Euskaraldia Arrasate.
4 aste bakarrik falta dira Euskaraldia hasteko eta prestaketa lanetan dabiltza Euskaraldia Lantaldekoak, herritarrei parte hartzeko dituzten aukerak azaldu eta izen ematean lagunduz besteak beste.
IZEN EMATE MAHAIAK ETA TXAPA BANAKETA
Horretarako, izen emate mahaiak jartzen dira herriko hainbat txokotan. Aste honetan, urriaren 25ean, asteartean, Santamañan izango da 18:00tatik 20:00etara. Urriaren 27an aldiz, Kulturaten, Seber Altubeko sarreran hartuko dute tokia eta bertan hasiko da txapa banaketa 18:00tatik 20:00etara.
Azaroan aldiz, izen emate mahaia eta txapa banaketa egongo da egunero Euskaraldia hasi arte, goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 18:00tatik 20:00etara (azaroaren 7an izan ezik). Beti toki berean izango da, Kulturaten, Seber Altubeko sarreran. Parte hartzaileek bertanbertan izango dute txapa jasotzeko aukera eta bakoitzaren rolean aritzeko hainbat gomendio jasoko dituzte.
“HITZEZ EKITEKO GARAIA” BANDERAK
Euskaraldiko materiala eskuratzeko aukera ere izango da bertan. Arropak eta baita banderak ere. Azken hauek herriko hainbat tokitan daude salgai jada: Olgeta, Ttukun, Ereindajan, AEK, Goiena eta AED. Ekarpen hauek Euskaraldia Euskal Herri osoan zabaltzen lagunduko dute. Beraz, jantzi ditzagun kaleak Euskaraldiarekin!
ENTITATEEN IZEN EMATEA
Urriaren 31an itxiko da entitateen izen ematea. Astebete falta delarik, Arrasateko taberna, denda, kirol zein kultura talde, enpresak… ariguneak sortu eta eman izena Euskaraldian https://euskaraldia.eus/ariguneak/entitateen-izen-ematea/ helbidean. Laguntzarik behar izanez gero, arrasate@euskaraldia.eus -era idazteko edo AED-ko bulegora etortzeko aukera dago.