Kale-inkesta: “Euskaraldian izena eman duzu? Zer ematen dio gure gizarteari?”

0
1011

Eusebio Arexolaleiba, Mertxe eta Eloi, eta Cruz Ruiz de Asuak parte hartu dute gaurko kale-inkestan.

Oraingoz zabalik dago ariketa sozialean parte hartzeko izen-ematea, eta hurrengo ostiralean abiatuko da. Euskaraldian izena emateko asmorik duzu?

Eusebio Arexolaleiba:

“Bai, izena eman dut, Euskaraldiak gizarteari ekarpen handia egiten diolako. Horrelako bultzadak beti dira beharrezkoak Euskararentzat”.

“Duela bi urteko Euskaraldian ere parte hartu nuen, eta jendea aurten ere gauza bera egitera animatu nahi dut. Zenbat eta parte-hartzaile gehiago izan, hainbat eta hobe”.

“Oro har, herri honetan euskaraz dakitenek euskaraz egitera animatu nahi ditut. Pena bat da jakin eta ez erabiltzea. Euskara gure altxor bat da eta ezin dugu galdu. Estimatu eta gozatu gure hizkuntzan berba egiten, alfabetatu, irakurri, … Niretzat hizkuntza oso garrantzitsua da, gure afektibitatea adierazteko modu bat da”.

Mertxe eta Eloi:

“Bai, izena eman dugu, gizarteari ekarpena egiten diolako eta jendea mobilizatzen duelako. Gehiagotan egin beharko litzateke, urtean behin bederen. Hori neurri batean herritarren esku egon badago. Gehiagotan egiteko Aurrekontuetatik diru nahikoa jarri beharko litzateke, hori Kultura baita”.

Cruz Ruiz de Asua:

“Aurten ez dut izena eman, oso instituzionalizatuta ikusten dut, irudietan batez ere politikariak agertzen dira. Irudien atzealdean herritarrak ageri dira, baina protagonismoa politikariek hartu dute. Aurten ez da ekimen batere herrikoia, nire ustez”.

“Euskaraldia berez (ariketa sozial bezala) ekimen garrantzitsua da, eta duela bi urte ahobizi bezala parte hartu nuen. Ez nago bere aurka, Baina aurtengoa ikusita, ez dut izena emateko asmorik”.

“Gaur gazteen inguruko ekimen bat aurkeztu dute, baina beste behin instituzioetatik irtendako zerbait izan da”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen