Argazkia: MB artxiboa.
Euskaraldiaren hirugarren edizioa gerturatzen ari delarik, Arrasateko industria eta zerbitzu enpresei zuzendutako saio bat egingo dugu datorren uztailaren 6an, 17:30ean hasita, Kulturaten.
Arrasaten industria eta zerbitzu sare indartsua daukagu, gure ekonomiaren oinarri dena. Eta euskararen erabilera biziberritzeko lanean aurrera jarraituko badugu premiazkoa da arlo horietan diharduten entitateak prozesura batzea.
AED bidelagun izango dute horretan eta uztailaren 6an egingo dugun saioarekin horretara goaz, Euskaraldia abiapuntu gisa hartuta.
Izan ere, duela bi urteko edizioan bezala, denetariko entitateek parte hartzeko aukera izango dute 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ariketa sozialean. Euskaraldia aukerako abagunea izan daiteke gure enpresatan euskararen erabilera sustatzeari ekiteko. Alde batetik, horretarako erraztasunak ematen dituelako eta, bestetik, babes sozial zabala duen ekimena delako. Eta, ez dago zalantzarik, lan munduaren euskalduntzeak gizartearen bultzada eta aitortza behar ditu, sektoreko entitateen konpromisoaz batera.
Badira herriko enpresak euskararen erabileraren aldeko urratsak ematera animatzeko arrazoi gehiago.
Horietako bat etorkizuneko langileen hizkuntza profila da. Euskaldun olatua ari da sartzen lan esparruan, eta indarra galtzen ari da orain arte euskararen erabilera sustatzeko egon den zailtasun nagusiena, hau da, langile asko erdaldunak izateak.
Bestalde, azken hamarkadetan aurrerapauso handiak izan dira lan munduan euskara sustatzeko, eta aurretik ez genuen jakintza eta eskarmentua metatu ditugu urratsa eman nahi dutenei laguntzeko.
Baliatu dezagun momentua, Euskaraldiak ematen digun abagunea, eta ekin!
Saioak ordu eta erdi iraungo du gehienez ere. Euskaraldiaren aurkezpena egingo dugu, labur bada ere, ekimena ezagutzen ez dutenei begira. Baina, saioaren ardatz nagusia bigarren edizioan parte hartu zutenen esperientziek osatuko dute.
Hasteko, AZK komunikazio agentziako Jone Amonarrizek Euskaraldian parte hartzeak enpresaren ikuspegitik dituen onurak azalduko ditu, euren esperientziatik abiatuta. Bestetik, EKIDE enpresako pertsonetako arduraduna eta euskara koordinatzailea den Maria Esquirozek duela bi urteko Euskaraldirako nola prestatu ziren kontatuko digu.
Horrez gainera, gaiaren inguruko kezkak, zalantzak eta esperientziak elkarrekin partekatzeko tartetxo bat ere hartuko dugu.
Beraz, lan egiten duzun enpresan, edozein sektorekoa delarik ere, euskara gehiago erabiltzea nahi baduzu, hementxe duzu ekiteko gonbidapena. Partekatu lankideekin eta hurbildu nahi beste lagun Kulturateko saiora.




