Euskaraldia amaituta, 3.500 herritar eta 180 entitateek “gehiago” gura dute

0
972

Arrasaten 550 Arigune izan dira martxan, eta gaur ariketa soziala amaitu da, Kulturaten ekitaldia eginda. Alabaina, hemendik aurrera ere “erronka ederra dugu, elkar zainduz, geroa dugu irabazteko!”.

Abenduak 4 ditu gaurkoan, “azken egunetan kolkoan eraman dugun txapa kentzeko eguna”, eta amaiera-ekitaldia egin da Kulturaten.

Olatz Zuazubiskarrek eta Arrasaten Euskaraldiko koordinatzaile lanetan aritutako Jokin Etxebarriak egin dituzte aurkezpen lanak. Adierazi duten bezala “euskarak 365 egun izan ditzan, kolektiboa bezain pertsonala den ariketa” beharrezkoa da.

Ekitaldiari zuzeneko musika jarri dio Leire Etxezarretak, besteak beste, ‘Mendian gora’ abestia eskainiz. Gogoan izan dituzte Covid-19aren ondorioz Euskaraldian parte hartzerik izan ez duten tabernak, dendak, dantza eta musika taldeak, kirol taldeak eta bestelako kultur taldeak. “Euskaraldi bat zor diegu”.

Baina, halaber, kinkak erakutsi ditu “zailtasunen aurrean indarrak biderkatzeko gaitasuna duen herri-gogoa dugula” eta “herriz herri erakunde, gizarte-eragile, enpresa eta euskaltzaleak eskutik helduta gauza handiak egin daitezkeela”.

Arrasaten 3.472 pertsonak eman dute izena edizio honetan, horietako ia %21 Belarriprest rola aukeratu dute. Gainera, 798 izen-emate berri izan dira.

Halaber, Arrasateko 180 entitate inguruk eman dute izena, 550etik gora Arigune abiatzeko. “Arrasate dantzan jarri dugu, menuak prestatu ditugu, konpromisoak hartu ditugu,… eta guztia euskaraz!”.

Aurrera begira, Euskaraldiak nabarmendu ditu “euskararentzako irabazitako Ariguneak zaintzea, hizkuntza-praktiketan inbertitzea dela, eta herrietan saretzeko sortutako lantaldeak indartzea, mugimendu euskaltzalea sendotzeko oinarria”.

“Erronka ederra dugu, elkar zainduz, geroa dugu irabazteko! Arrasate gehixau, gehixaukin, gehixautan”.

Instagramen

Facebooken

Twitterren

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen