Helduei zuzendutako 77 beka tramitatu dira eta haur eta nerabeentzat 37. Hiru eskaera daude tramitatzeke oraindik eta eskaera gehiago jasotzea aurreikusten da, udan barnetegian egon direnenak, esaterako. Beken helburua da baldintzak betetzen dituzten arrasatearrei euskara ikasteak dakartzan gastuetan laguntzea.
Testua: Arrasateko Udala.
Arrasateko Udalak, beste urte batez, arrasatearrei euskara ikasteko gastuei aurre egiteko bekak eman ditu. 2019-2020 ikasturtean 114 izan dira guztira, horietatik 77 helduentzat eta 37 haur eta nerabeentzat. Oraindik eskaera gehiago jasotzea aurreikusten du Udalak.
Beka hauen helburua da arrasatearrei euskara ikasteak dakartzen gastuetan laguntzea. Urteak daramatza Arrasateko Udalak, euskara sustatzeko bidean, euskara ikasteko erraztasunak ematen beka hauen bidez. 1989-1990ekoak dira euskara ikasteko beken espedienterik zaharrenak, baina baliteke lehenago ere laguntza hauek eman izatea arrasatearrak euskaratze aldera.
Beken onuraduna izateko baldintza batzuk bete behar dira: alde batetik, ezinbestekoa da Arrasaten erroldatuta egotea eta, beka lortzeko, gutxienez %85eko asistentzia izan behar du ikasleak (haurren kasuan Arrasateko ikastetxeren batean ikasten aritu beharko dira). Bestetik, nahitaezkoa da ikastaroa 2020aren barruan bukatu izana, eta autoikaskuntza programako ikasleek gutxienez 165 orduko modulua egin behar izango dute ikasturtean. Baldintza sozioekonomiko gehiago ere badaude, udalarekin jarri harremanetan informazio gehiago lortzeko 943 25 20 00 zenbakian edo BAZen.