‘Euskara familian’ tailerrak hizkuntza transmisioa sustatu du

0
1420
Arrasate transmisio

Beheko testua eta argazkiak: Arrasateko Udala

3 saio burutu dira eta bertan, baliabideak eskaini zaizkie gurasoei, haurrek eta
gazteek familiako komunikazioan euskara hauta dezaten. Maria Ubarretxena, alkatea: “Arrasateko Udalak lehentasunen artean dauka hizkuntzaren erabilera eta transmisioa, izan ere, familian erabiltzen den hizkuntza izango da haurrak barneratuko duen lehena. Hori kudeatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, gizarte euskalduna baitugu jomuga”.

Arrasateko Udalak, euskararen transmisioa eta erabilera bultzatzeko helburuarekin,
pasa den azaroan tailer ekolinguistikoak antolatu zituen. Familiei zuzendutako
ekimena izan da, eta EMUN, Ekogunea eta Irrien Lagunak taldeetako teknikarien
eskutik eta herriko ikastetxeen laguntzarekin egin da. Helburua haur eta gazteen
familiako heziketan hizkuntza praktika ekologikoak identifikatzea eta praktika horiek
aurrera eramateko ahalduntzea izan zen, alegia, baliabideak eskaintzea, umeek eta
gazteek familiako komunikazioan euskara hautatu dezaten, gurasoei tresnak emanez,
seme-alabekin interbentzio egokiak egiteko, eta horrela, haurrei kontzientzia hartzen
laguntzeko.

Tailerretan, gurasoek eta euren 4-8 urte arteko seme-alabek hartu zuten parte, bi
taldetan banatuta: helduekin EMUN eta Ekoguneko teknikariak aritu ziren, eta
umeekin Irrien Lagunak taldeko Martin Bertso eta Tiritatxo. Hasieran, bi taldeak
banatu egin baziren ere, amaieran, denak elkartu eta landutakoa partekatu zuten saio
guztietan. 20 familiatik gora aritu ziren 3 asteburutan.

Maria Ubarretxena alkateak adierazi eran, Arrasateko Udalak lehentasunen artean
dauka hizkuntzaren erabilera eta transmisioa: “Izan ere, familian erabiltzen den
hizkuntza izango da haurrak barneratuko duen lehena. Eta familia da hizkuntza bat
ikasteko eta sendotzeko gune indartsu eta naturalena. Hala ere, haurrek eta gazteek
gero eta gehiago eta lehenago jotzen dute gaztelerara euren artean, eta hori
kudeatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, gizarte euskaldun bat izan nahi baitugu”.

Arrasateko Udalak eta gainerako antolatzaileek egiten duten balorazioa oso positiboa
da: “Ezbairik gabe, datu arrakastatsua da 20 familiatik gora batu izana, benetan zaila
izaten baita familiak erakartzea transmisioarekin lotutako gaiak lantzeko. Familiek asko
eskertu dute gaiarekiko kezka eta tailerren formatua. Izan ere, umeekin batera egin
dira hainbat jarduera, eta hori mesedegarria da etxeko hizkuntza ohiturak lantzeko eta
finkatzeko”.

Udaleko Euskara Sailak nabarmendu du hizkuntzaren transmisioaren gaia lantzen
jarraituko duela: “lehentasunetako bat izateaz gain, familia askoren zein ikastetxeen
kezka nagusietako bat da herriko gazteenei etorkizun euskalduna bermatzea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen