Pello Salaburu hizkuntzalariak hitzaldia eman zuen atzo Kulturaten, ISEAk antolatuta. Euskara batua sortzeko ibilbideaz, sorreraz eta egungo erronkez mintzatu da, besteak beste.
Bideoa: Kulturate.
‘Euskararen batuaren bizibidea’ hitzaldia izan zen atzo arratsaldean Kulturateko areto nagusian, Arrasateko ISEA kooperatibak antolatuta.
Euskara batuaren beharra “euskaraz idatzitako lehen liburua Joanes Leizarragak (1506-1601) idatzi zuenetik” adierazi izan da. Eta Leizarragak hala islatu zuen:
“Batbederak daki heuskal herrian kuasi etxe batetik berzera ere mintzatzeko maneran zer diferentia eta dibersitatea den”. Axularrek XVII. mendean ere behar berbera adierazi zuen.
Euskara batu bat lortzeko beste ahalegin batzuk izan dira mendeetan zehar, eta kode amankomun bat aurkitzeko “urratsik handienak 1956tik (Arantzazu) 1968ra (Ermua) eman ziren” Baiona (1964) tartean.
“Euskara batuaren historia ezinbestean ‘Txillardegi’rekin lotua dago” eta beste hizkuntzalari batzuk ere parte hartu dute, Koldo Mitxelenak edota Gabriel Aresti, besteak beste.
Atzoko hitzaldian Pello Salaburuk erregistroak ere hizpide izan zituen, eta Mitxelenak hizkuntza idatzi eta formalerako egindako proposamenak ere azaldu zituen.

Aipatzekoa da Bergaran ere bilera oso garrantzitsuak egin zirela 1978an, eta oro har, Pello Salaburuk azpimarratu du euskara batuaren aldekoa, “ahalegin kolektibo” bat izan dela.
Horren fruituetako bat da egun euskarazko hiztegiak online eskura ditugula. “Asko aurreratu dugu” baloratu du “hizkuntza eremu berrietan sartu da, inoiz baino gehiago idazten da, euskararen erabilera normalizatuta dago neurri handi batean,…”.
Euskararen batasun hau “aurrera egiteko gutxieneko baldintza da, ezinbesteko baldintza, baina ez nahikoa”. Bide honetan, bere hitzetan, gaur egun euskararen aldeko “saltsetan sartzen direnak” ez dute “militantismoagatik egiten”.
Euskal Herrian egun “etorkin gehiago” bizi dira, eta orokorrean baieztatu du “erronkak bere horretan jarraitzen duela”. Azkenik, Salaburuk adierazi du “nire ustez, txokokeriek” ez dute “mesede egiten”. “Ez batuari, ezta hizkuntzari oro har ere”.
Galderen txandan bertako euskalkiaren aldeko hitzak izan dira. Euskaltzaindiaren eta ETBren inguruko galdera bana ere izan da. Hitzaldia osorik ikus-entzungai da ondorengo bideoan: