Euskaltzaindiak txalotu du Zaldibarko toki-izenak berreskuratzeko ekimena

0
836

Joseba Garitaonaindia eta Josu Uriarte ‘Polvora’ arrasatearrak Asuela, Bakue, Axpe, Txindurripilla eta Ametzaundi bezalako izenak berreskuratzen dabiltza, seinaleak egiten eta tokian tokian jarriz.

Lehenengo lau argazkiak: Joseba Garitaonaindia.

Euskaltzaindiaren Onomastikaren onespena eta esker ona jaso ditu ekimen arrasatear honek. Joseba Garitaonaindiak jatorrizko izenak berreskuratzen eta seinaleak jartzen dihardu, eta seinaleak egiten Josu Uriarte ‘Polvora’k.

Azkenaldian beste hiru seinale egin eta jarri dituzte: Axpe,Txindurripilla eta Bakue. Hortaz gain, ekimenak jakin gura izan du toponimo hauen inguruan Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen ikuspuntua.

Batzorde honek, Roberto González de Viñaspre batzordeburuaren izenean, esker ona adierazten die “zure ekimenarekin toponimia den ondare kulturala jagoteko erakusten duzun arduragatik”.

Euskaltzaindiak aztertu egin ditu ekimenak helarazitako leku-izenak, eta hauen “idazkera egokia proposatzeko funtsezko oinarria” Arrasateko Toponimia liburua izan da.

Hain zuzen, Jose Luis ‘Txipi’ Ormaetxeak egin zuen lan mardula eta Euskaltzaindiak argitara eman zuen 1996an. Webgunean eskuragarri dago. Euskaltzaindiak ondoren negritaz azaltzen diren leku-izenak onartu ditu eta proposatzen ditu:

Malagaztaña: Arrasateko Toponimia liburuan Madalenagastaña eman bazen ere, uste dugu errekronstrukzio hori ez dela egokia. Dokumentazioan Malagastaña 1945ean ageri da, eta ahoz Malagastañe.

Asuela: Ondo dago horrela (ikusi Arrasateko Toponimia liburuaren 420 or.). Dokumentazio zaharrean Asuola dago, baina -ola>-ela aldaketa 1778tik aurrera agertzen da, eta Asuola ez da urte horretatik aurrera dokumentatzen. Herri berean, baina beste leku batean, Asula dago.

Oñatibaso: Liburuan ez da agertzen. Eskaera egin duenak Oñatin dagoela adierazi du. Badirudi, beraz, erreferentzia egiten diola herriari, eta Oñatibaso behar duela. Beste toponimo batzuetan ohikoa da herri-izen + baso egitura (ad. Abadiñobaso, Errigoitibaso, Sopelabaso …).

Lakre: Ez dugu daturik. Bere horretan laga behar da.

Bakue: Ondo dago horrela (ikusi Arrasateko Toponimia liburuaren 260 or.)

Axpe: Ondo dago horrela (ikusi Arrasateko Toponimia liburuaren 337 or.)

Txindurripilla: Txindurripilleta eta Txindurripilla, biak agertzen dira Arrasateko Toponimia liburuan. Bigarrena ahoz ere jaso zuen egileak. Bizirik dagoen bakarra Txindurripilla denez gero, horri eman behar zaio lehentasuna.

Ametzaundi: Ondo dago horrela (ikusi Arrasateko Toponimia liburuaren 418 or.)

Euskaltzaindiak esker ona agertu dio ekimenari “leku-izenen defentsan egiten diharduzun lanagatik eta argibide bila Onomastika batzordera jo izanagatik”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen