“Selekzioen ofizialtasuna aurten nazioartean eskatu gura du Federazioak”

0
601

Ramon Azkarate arrasatearrak, Euskal Selekzioko delegatu, adierazi du Ofizialtasunaren bidean gakoa izango dela “Madrilen dauden politikariek Ofizialtasunarekiko duten konpromiso maila”.

Argazkia: Deia / Bideoa: Euskal Futbol Federazioa.

Ramon Azkarate Lizarralde arrasatearra Euskal Futbol Federazioko Zuzendaritzako kide eta gizonen Euskal Selekzioaren delegatua da. Mondrako lehendakari gisa ere jardun zuen.

Selekzioak Ipuruan jokatutako partiduan ere zelaian ikusi genuen, Javier Clementeren ondoan, delegatu lanak egiten.

Selekzioak Costa Ricaren aurka jokatutako partiduaren bi balorazio egin ditu: “Kirolari dagokionez balorazio oso ona egiten dut, partidu polita ikusteko aukera izan genuelako. Partidu lehiatua izan zen, Costa Ricak talde ona zuen, Mundiala prestatzen ari da, eta jokalariek euren selekzioan toki bat izan gura dute, …”.

Ondorioz, “ez ziren arratsalde pasa etorri, eta gogor jokatu zuten, bizi-bizi. Partiduko lehen zatia erritmo bizian jokatu zen, eta bigarren zatian aldaketekin partidua aldatu zen. Azken minutuan irabazteak poza eragin zigun guztioi”.

Publiko barik jokatu behar izateak Selekzioarentzat “arraroa izan zen, entrenamendu bat bezalakoa da (ez jokoari dagokionez, baizik eta zalerik ez dagoelako)”.

Ramon Azkaratek adierazi du “gure esku zegoen Selekziorik onena deitu genuela; aurre-zerrenda bat egin genuen, baina zerrendako jokalari batzuek espainiar selekzioarekin jokatu zuten aurreko asteburuan, beste batzuk lesionatu ziren, … Hala ere, pozik gaude Costa Ricaren aurkako garaipenarekin”.

Beste balorazio bat egiten du, “Selekzioaren presentziari dagokionez: Data hauek FIFA datak dira, eta munduko selekzioek ofizialki jokatzen dute. Guk zalantzak izan genituen, jokatu edo ez, kontuan hartuz duela urtebete baino gehiago jokatu genuela Selekzioaren aurreko partidua, iazko maiatzean”.

Beraz, “Jaurlaritzarekin, Realarekin, Athleticekin, Eibarrekin, Alavesekin eta jokalariekin hausnarketa egin genuen, jokatu edo ez erabakitzeko, eta ondorioztatu genuen Euskal Selekzioak presente izatea garrantzitsua zela”.

Bestela, datorren urtean “Kopako partidua jokatuko denez, Eurokopa uda partean jokatuko denez,… arriskua zegoen Euskal Selekzioak 2022ra arte ez jokatzeko. Horregatik erabaki genuen aurtengo partidua antolatzea”.

Euskal Futbol Federazioko lehendakariak, Luis Maria Elustondok Radio Euskadin oraintsu adierazi duenez, “aurre-akordio bat dago Eusko Jaurlaritzaren eta espainiar Gobernuaren artean, euskal selekzioak nazioartera zabaltzeko”. Baita Selekzioak “alor ofizialago” batean lehiatzeko.

Ramon Azkaratek adierazi du Elustondok “ez zuela ondo adierazi esan gura zuena, eta ondorioz berak esandakoa zuzendu behar izan du. Akordiorik egon ez dago”:

“Pedro Sanchezen gobernua, inbestidura baino lehen, PNVrekin elkartu zen, eta Pedro Sanchezek konpromiso bat hartu zuen, ez Euskal Selekzioak ofizialak izateko, gaia aztertzeko baizik. Ate bat zabalik utzi zuen, gaia lantzeko, urteetan zehar egin ez dena”.

“Nire ustez Selekzioak partidu ofizialak jokatzeko aukera oso urruti dago, nahiz eta gero eta gertuago dagoen”.

Iñigo Urkullu lehendakaria ez zen Euskal Selekzioaren partidura joan. Horren inguruan Ramon Azkaratek adierazi digu “nik partiduak berdegunean jarraitzen ditudala, teknikariekin eta jokalariekin”.

“Nik uste ez zela partidura etorri agenda arrazoiengatik, zeren eta partiduaren ostean Twitter bidez taldea zoriondu baitzuen, bai antolaketagatik, baita emaitzagatik ere”.

Jaurlaritzaren ordezkaritza nagusia Jon Redondo (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria) izan zuen, beste instituzio batzuek ere ordezkaritza izan zuten, Athletic, Real, Eibar eta Alaves klubetakoak, Euskal Federaziokoa, Gipuzkoako Federaziokoa,…

Bizkaikoa, ordea, ez zen bertaratu, eta “hori harritzekoa da”. Euskadiko lehendakaria ez joatea “berak azaldu beharko luke horren arrazoia. Nik ez dakit zergatik ez zen joan”.

UEFAri Euskal Selekzioen ofizialtasuna eskatzeko, “aurrez Euskal Federaziokook bozkatu genuen ofizialtasuna eskatu edo ez, eta baiezko botoak nagusitu ziren. Durangoko Ez-ohiko Batzarra baino lehen, hitzaldi informatiboak egin ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Jaurlaritzako abokatu baten azalpenekin”.

Ofizialtasunerako bidean “lehen pausoa Madrili eskaeraren berri ematea da. Eskaeraren berri izatean Rubiales jauna [Real Federación Española de Fútbol delakoaren presidentea] Elustondorekin haserratu zen”.

Gero “antza denez gauzak baretu zituzten. Ondoren, Elustondok ofizialtasunaren aldeko eskaera FIFAri aurkeztu nahi zion, eta berak, gai politiko bat ere badenez, gura du aurten, urtea amaitu aurretik, Eusko Jaurlaritzarekin batera eskaera egitea nazioartean”.

“Jakin badakigu eskaera onartuko dutela, eta ondoren beste federazioei galdetuko dietela ea eskaerarekin ados dauden. Madrili adibidez galdetuko diote, eta seguruneik Madrilek eskaera bertan behera utziko du”.

Beraz, “ikusiko da Madrilen dauden politikarien konpromisoa zenbaterainokoa den, eta gero gerokoak”.
Ramon Azkaratek azpimarratu du horrelako partiduetan “aldarrikapenak neurrian egiten direla, eta guk kirol-esparrutik ofizialtasuna eskatzen dihardugu”.

Partiduaren arrakasta neurtzeko “badirudi Selekzioak 50.000 zale elkartzen ez baditu, partiduak porrot egin duela. Nik bestelako ikuspuntu bat daukat: partidura zale gutxi joango balira ere, gura nuke Selekzioa ofiziala izatea. Ez du zertan 50.000 zale elkartu”.

“Partidua arrakastatsua izango da Selekzioak ofizialtasunez jokatuko duenean, eta zale bakoitzak erabaki dezala partidura joan edo ez. Edonola ere, interesa egon badago”.

“Egoera aldatuz doa, zaleak, jokalariak, gizartea, …. aldatzen ari dira, baina ofizialtasun eskaerak bertan jarraitzen du. Nire ustez orain arteko azken partiduak jarraipena eman dio Selekzioari”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen