Argazkia: Buruxkak.
Arrasateko Sortuk, Irati eta Iratzar Fundazioarekin elkarlanean ‘Karkabatik Herria’ izeneko solasaldi zikloa antolatu du datozen hilabeteetarako. Zikloaren helburua, gai desberdinen inguruan ikuspegi ezkertiar, subiranista eta feministatik jantzi, hausnartu eta eztabaidatzea da, pentsamendu politiko eta kritikoa elikatu eta garatzeko.
Zikloan zehar 5 gai landuko dira eta gai bakoitzaren oinarrian irakurgai bat egongo da, Iratzar Fundazioaren Iparrorratza bilduma eta Plaza Hutsak argitaratutako azken hausnarketa. Parte hartzea irekia izango da, eta horrela nahi duenak solasaldia baino 2-3 aste lehenago Irati Topalekuan irakurgaia jaso eta lantzeko aukera izango du. Ondoren, asteazkenetan burutuko diren solasaldietan idazlearekin batera ideiak eta iritziak partekatzeko aukera egongo da.
Lehenengo hitzordua gaur arratsaldeko 19:00etan izango da. Andoni Olariaga Azkaratek landutako ‘Euskal Matxinada. Genealogia eta egungo eztabaidak’ liburua izango da oinarri. Bertan autoreak burujabetza prozesu herritar historikoa aztertzen du, 1950eko hamarkadan sorturikoa. Hamarkadetan zehar luzatu edo errepikatu diren eta gaurkotasun handia daukaten hainbat eztabaida aztertuz: txanponaren bi aldeak, negoziazioaren mitoa, independentzia, langile klasearen atomizazioa, zerumuga iraultzaileak…
Atzera begirada bat aurrera egiteko, eta hainbat galdera, besteak beste: nola egokituko ditugu orduko intuizio, hipotesi eta balioak taupada askatzaile eta iraultzailea mantentzeko?
Hurrengo solasaldiak:
- ‘Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak’ Nora Salbotx Alegriarekin.
- Martxoak 23, asteazkena 19:00etan
- ‘Arnasberritzen. Euskalduntze prozesua asnarberritzen, ezkerretik eta independentismotik’ Xabi Iraola Larraiarekin.
- Apirilak 27, asteazkena 19:00etan
- ‘Jan eta Jabe. Elikaduraren bidez, herria eraikitzen’ Tasio Erkizia Almandozekin.
- Maiatzak 18, asteazkena 19:00etan
- ‘Mamuari so. Neoliberalismoa versus burujabetza’ Floren Aoiz Monrealekin.
- Ekainak 8, asteazkena 19:00etan
