Euskal kulturaren eragiletzen master berria aurkeztu du MUk

0
499

Eskoriatzako campusean egindako bilkuran, parte hartu dute masterreko koordinatzaileak eta erakunde laguntzaileen ordezkariek: Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak. Bilkura baliatu da sinatzeko UEU eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen arteko elkarlanerako hitzarmena eta berresteko Eusko Ikaskuntzak eta Fakultateak indarrean dutena.

Testua, argazkia eta bideoa: Mondragon Unibertsitatea.

Atzo, maiatzak 24, aurkeztu dute Eskoriatzako campusean, 2023ko urrian Mondragon Unibertsitateak abian jarriko duen Euskal Kulturaren Eragiletzan master berria. Bertan izan dira Nagore Ipiña, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, Eneko Bidegain Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle, ikertzaile eta masterreko koordinatzailea eta masterrean parte hartuko duten eta babestuko duten bi erakundeen ordezkariak: Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. Masterraren aurkezpen ekitaldia baliatu dute, gainera, UEU eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateen arteko elkarlanerako hitzarmena sinatzeko eta Eusko Ikaskuntza eta Fakultatearen artean indarrean dagoen hitzarmena berresteko.

Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eman du ongietorria. Ipiñak eskertu egin du UEU eta Eusko Ikaskuntzaren babesa eta azpimarratu du hiru erakundearen arteko elkarlanaren garrantzia.

Bere aldetik, Eneko Bidegain masterreko koordinatzaileak azpimarratu du euskal kulturgintza eta eragiletzan sakontzeko dagoen premia. Bidegainen esanetan, “euskararen biziberritzea ez dago hizkuntza konpetentzia linguistiko edo instrumental baten esku soilik, hizkuntza komunitate baten ardatza ere badelako, eta kultura delako ardatz horren euskarria”. Euskal kulturaren tramsmisioa eta Euskal Herriak euskal kultura bizitzea helburu, euskal kulturaren eragileak prestatzea estrategikotzat jo du Bidegainek, eta, esan duenez, urrats estrategiko horretan laguntzera dator gaur aurkeztu duten masterra.

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak, bestalde, gaineratu du euskal kultura izanik masterraren objektua bete-betean datorrela UEUren izaerarekin, erakundea hasieratik herrigintzan eta euskalgintzan kokatu delako, eta azpimarratu du “master honek balio lezakeela euskal kultura hedatuko duen eragileak prestatzeko”.

Aurkezpen ekitaldiak jarraitu du Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren hitzekin. Ana Urkizak gehitu du euskal kulturaren transmisioa sustatzeak guztiz bat egiten duela Eusko Ikaskuntzaren lan-ardatzekin. Urkizaren esanetan, “Eusko Ikaskuntzak hainbat modutan egingo dio ekarpena masterrari: lurraldetasun ikuspegia eskainiz, Eusko Ikaskuntzan egiten diren askotariko proiektuen emaitzak eskura jarriz, zein kontrasterako baliatuz eta Master Bukaerako Lanak egiteko aukera eskainiz ”.

Bukatzeko, Eneko Bidegainek gehitu nahi izan du aurkezpenean izandako UEU eta Eusko Ikaskuntza erakundeekin batera, Euskal kulturaren eragiletzan masterrean parte hartuko duela Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-ek.

Kultura-eragileak prestatzeko masterra
Masterraren bultzatzaileen iritziz, euskal kulturak maila askotako desafioak bizi ditu, eta horiei erantzuteko “gai izango diren eragileak trebatzea beharrezkoa da”. Horregatik, kutur eragileen harrobia prestatzea da masterraren helburua. Eragile profesional horiek jardungo dute hezkuntza arautuan eta ez-arautuan nahiz udaletako edota beste erakunde publiko batzuetako kultura-arloetan.

Titulu berri hau zuzenduta dago arlo askotako graduatuentzat, baina bereziki aproposa da honako ikasketak dituztenetzat: Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako graduak, komunikazioarekin lotutako graduak (Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kazetaritza, Publizitatea…), giza eta gizarte zientziak, euskal ikasketak, itzulpengintza, zuzenbidea… Hala ere, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute ez dela master itxi bat eta “irekita dagoela euskal kulturan eragiteko interesa duen edozein gradudunentzat”.

Edukiak
Masterreko gaiak sakonki landuta eta metodologia aktiboak erabilita, euskal kulturaren galdegai eta problematikei heltzera dator masterra: kultura-eragin globala metabolizatzeko moduak, transmisioa eta irekidura konbinatzeko moduak, gure sustraiak interpretatzeko sintesiak, hizkuntzaren lekua ulertzeko oinarriak, teknologiaren eraginak, komunitatea birsortzeko baldintzak, arte-arlo bakoitzaren desafioak… Masterrean jorratuko dute, besteak beste, nola antolatu kulturgintzaren transmisio ganorazkoa hezkuntza arautuan eta ez-arautuan, nola berregin herrietako eragiletza kulturaren arloan, zer oinarritatik hobetu euskal kulturgintzaren inguruko udal-politika publikoak, komunikazio-lanak edota ikerketa-bideak. Masterrak hiru oinarri orokor izango ditu:

  1. Kutur eragiletza eta transmisioa hezkuntzan.
  2. Kultur eragiletza; Euskal Herriaren antolakuntza eta artikulazioa.
  3. Ikerketa-proiektua.

Prezioa eta izen-ematea

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntzari esker, masterrak 4.800 €-ko prezioa du. Gainera, parte-hartzaileek FUNDAEren % 100eko hobaria jaso dezakete. Izen-emateari dagokionez, martxoaren 1etik aurrera egongo da irekita masterrerako izen-ematea, eta online egin daiteke:online inskripzioa.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen