‘Gasteiz 1200, defentsa amaigabea’ eleberri ilustratua aurkeztu da bisita gidatuaren ondoren.
Zuztarrak Errotuz elkarteak eta Nabarralde Fundazioak antolatuta, eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin ‘Habitat’ erakusketa inauguratu zen otsailaren 1ean. Berez, bi erakusketa ikusgai daude Kulturateko Klaustroan. Alde batetik, ‘Habitat. Ezkutatu diguten historia’, Euskal Herriako historia ardatz hartzen duena, eta bigarrena ‘Arrasateko Habitat’, aurrekoaren osagarri izan nahi duena.
Atzo arratsaldean Beñi Agirre Nabarraldeko kidearen eskutik bisita gidatuak eskaini ziren eta asko izan ziren Euskal Herriko historia ezagutzera hurbildu ziren arrasatearrak. 14 panelen bidez, Agirrek euskararen bilakaera, erromatarrek Euskal Herriaren historian izan zuten eragina, nola sortu zen Nafarroako erresuma eta foruen babesa azaldu du. Beñi Agirrek azaldu duenez, “helburua da oso modu laburrean Euskal Herriaren, Nafarroaren historia osoa kontatzea, Aintzin Arotik Gerra Karlistetaraino. Sistesis hori egin da oso modu grafikoan, kontatzeko modu laburrean zein izan den gure herriaren bilakera historikoa.”
Bisita gidatuak aprobetxatuz, Nabarralde Fundazioak eta Martin Ttipia Elkarteak argitaratutako ‘Gasteiz 1200, defentsa amaigabea’ eleberri grafikoa ere aurkeztu zen. Aritz Ibarra Agirrezabal marrazkilariak, Fernando Sánchez Aranazen gidoiekin, egindako lana da. Biak izan ziren atzo aurkezpenean.
Lan honetan Nafarroako Gasteiz hiriak 1199 eta 1200 urteen artean Gaztelako tropen aurrean izan zuen erresistentzia irmoa kontatzen da. Egileek azaldu zuten bezala, “gure historiako gertakari epiko eta erabakigarrienetako bat da, gure memoria kolektiboan bidegabeki baztertua. Gainera, gasteiztarren ikuspuntutik kontatu nahi izan dugu istorioa, jakina baita irabazleek kontatzen dutela beti historia.”