‘EUSKAL HERRIA ZURE BEGIETATIK’ LEHIAKETAKO ARGAZKI ONENAK EROSTEN HASI DIRA, MARARENTZAT LAGUNGARRI

0
3254

Testua: glh / Artxiboko argazkia: Artgazki

‘Euskal Herria Zure Begietatik’ lehiaketako 30 onenak dira, eta egun hauetan Kajoi tabernan daude ikusgai zein erosgai. Orain arte 15 bat erosi dira, eta erakusketa Kulturatera lekualdatuko da urtarrilaren 15ean, baina bertan ere erosteko aukera izango da. Gogoratzekoa da Mararen amak, Susanak egiten duen deialdia:

“Mara ezagutu dezazuen nahi dut, nire neskato ederra, bizitzak eman didan oparirik onena eta nire munduko ederrena. Hitz horiek berak errepikatzen dizkiot egunero, bere gaixotasunak ez diezazkigun inoiz gure une horiek lapurtu.

2023ko urtarrilaren 3an, Marak 2 urte bete zituen, handik 10 egunetara, urtarrilaren 13an, Marari eta guri egindako azterketa genetiko baten emaitzak eman zizkiguten. Nire senarra (Diego) eta ni (Susana) eramaileak ginen, beraz, gure beldurrik txarrena betetzen zen: Marak CLN1 zuen eta horrekin erantzuten genien 18 hilabete zituenetik garatzen ari zen sintomei.

Une horretan, halako albiste suntsitzaile batekin arima husten dizutela sentitzen duzu. Gaixotasunaren inguruan irakurtzen saiatzen zara, baina irakurtzen duzun guztia hain da txarra, malkoek ez dizutela irakurtzen jarraitzen uzten, bakarrik pentsa baitezakezu zein krudela izango den zure haurraren bizitza eta agurra. Zein bidegabekoa den dena besterik ez duzu pentsatzen, bizitza amaitzen ari zaiola, oraindik bizitzen hasten denean.

Hainbeste malkoren artean pentsatu nuen mundua handiegia dela eta zientzia oso aurreratua dagoela, ezinezkoa iruditzen zitzaidan munduan CLN1en tratamendua ikertzen duen inor ez egotea.

Ehunka pertsona eta erakunde ezberdinei mezu elektronikoak bidaltzea erabaki nuen, gaur egun ez dakit nola aurkitu ditudan ere ez, guztiei nire alabarentzako itxaropen izpi bat eskatuz. Eta bat-batean hiru farmazialari agertu ziren argi-leiho hori irekitzen, terapia genikoaren eta entzimen ordezkapenaren ikerketarekin.

Pixka bat hobeto uler dadin, Marak Batten CLN1 gaixotasuna du, gaixotasun ultra arraroa eta neurodegeneratiboa da, batez ere haurrei eragiten diena. Gene mutatu bat du, eta ez du behar bezala funtzionatzen entzima espezifikorik ez duelako. Entzima hori barik zelulak ezin dira zelula-hondakinetatik desegin, eta horiek burmuinean eta begietako erretinan pilatzen dira bereziki.

Sintomen artean gaitasun motorren galera, konbultsioak, ikusmen-arazoak, narriadura kognitiboa eta, batzuetan, dementzia daude. Battenen gaixotasuna progresiboa da, eta gaur egun ez du sendabiderik; horrek esan nahi du denborarekin okerrera egiten duela eta desgaitasun larria eta heriotza goiztiarra ekar ditzakeela.

Gaur egun, estatuan, 2 kasu baino ez daude erregistratuta mutazio horrekin.

Terapia genikoak tratamendu bakarra eskain dezake nahasmendu horien progresioa atzeratzeko edo, idealki, gelditzeko, gaixotasunaren kausari eraso egiteko gene funtzional bat emanez.

Bestalde, ordezkapen-terapiak edo entzimen terapiak zelulen hondakin-materialen deskonposizio egokia lehengoratzen lagun dezake.

Ez dakit sendabide bat izango duen, baina argi uzten dut guretzat itxaropena itzultzen diguten tratamenduak direla; gure alabarekin uste baino denbora gehiago egoteko ilusioa eta, batez ere, berriro irribarrez ikusteko ilusioa. Marari aukera txiki hori eman behar diogu.

Pozten nau jakiteak jende askok ez duela haur horiekin amore ematen, batzuentzat gutxiengoa direla, baina guretzat mundu oso bat esan nahi dute.

Hain zuzen, munduan oso haur gutxi direla eta beren bizitzak inbertsiorik merezi ez duela uste dutenengatik gaude hemen, guraso garen aldetik, laguntza eta lankidetza eskatzeko, baina batez ere, zorigaiztoko gaixotasun horren kontzientzia eta ikusgarritasuna sortzeko. Kontzientziatzea haur horiek ere bizitzeko eskubidea dutela, eta kontzientziatzea zein garrantzitsua den familientzat ikerketa horiek premiaz egitea, gutxien dutena DENBORA delako, eta gehien merezi duena BIZI-KALITATE DUINA delako.

Benetan eskertuko dugu eman dakigukeen edozein laguntza, bai solidarioa, bai ikusgarritasunekoa, eta baita gure alabarendako sendabidea lortzeko gure borrokarekin jarraitzen lagunduko diguten ideiak ere. Eta noski laguntza arduraz erabiltzeko konpromisoa hartzen dugu.

Edozein ekarpen MPS Lisosomales Elkarteari bideratuko zaio, elkarte horren helburuak gaixotasun lisosomalak ezagutaraztea, ikerketa zientifikoan ahaleginak lehenestea eta gaixoen bizi-kalitatea hobetzea dira. Ziur gaude elkartearen laguntzarekin eta gure ahaleginarekin Marak etekina aterako dion ikerketa bat finantzatu ahal izango dela.

Eskerrik asko, benetan: MARA, DIEGO ETA SUSANA“

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen