Euskadiko Kooperatiben Federazioak neurriak aztertzen ditu kooperatibek malgutasun gehiago izan dezaten

0
295

Testua: Tulankide

Euskadiko Kooperatiben Federazioak neurriak aztertzen ditu kooperatibek malgutasun gehiago izan dezaten COVID-19 gaitzak eragindako krisi egoeraren aurrean, zenbait neurri proposatuko ditu, kooperatibek malgutasun eta maniobra tarte handiagoa izan dezaten.

Federazioak komunikatu bat kaleratu du, COVID-19 gaitzak sortu duen osasun krisiak kooperatibetan eragin dituen inpaktua aztertzeko. 

Izan ere, lanean ari da Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari zenbait neurri proposatzeko, kooperatibek malgutasunez eta maniobra-tarte handiagoz jokatzeko hartu beharko liratekeenak, euren barne-gaiei eta gure eredu juridikotik ondorioztatzen diren sozietate-betebeharren gaiei aurre egiteko.

Neurri-proposamen hori onartuz gero, kooperatibek aukera izango lukete egoera hau amaitutakoan baldintza hobeetan suspertzeko, eta bide bat irekiko litzateke epe laburrean kudeatzeko zailak diren egoerak konpontzeko, egungo ziurgabetasun eta segurtasun-gabezia handian. “Besteak beste, honako gai hauei buruz ari gara: legez ezarritako epearen —lehen seihilekoaren— ondorengo hilabeteetan Batzar Nagusiak egin ahal izatea, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren laguntza-aginduetan ezarritako epeak berrantolatzea, eta Euskadiko Kooperatiben 11/2019 Lege berriak estatutu sozialak egokitzeko ezartzen duen epea luzatzea”.

Halaber, beste hainbat faktore ere aipatzen ditu:

  • Kooperatiba-mugimenduaren lurraldeaz gaindiko beste erakunde batzuek bezala, guk ere hau jakinarazi nahi dugu: enpresentzat eta langileentzat erregulazio-prozesurik, hobaririk eta/edo pizgarririk proposatzen bada, gu ezin gara haietatik kanpo geratu, langileak Gizarte Segurantzako zer erregimenetan dauden alde batera utzita.
  • Gobernuak ezarritako itxierak gehien eragindako sektoreetako (aisialdia, kultura, ostalaritza, zerbitzuak, hezkuntza, garraioa…) enpresa kooperatiboek, gainerako enpresek bezala, neurri aringarrien onuradun izan behar dute, baita haietako bazkide langileek eta besteren konturako langileek ere, Gizarte Segurantzako LAEBean kotizatu ala Erregimen Orokorrean kotizatu. Egoera berezi batean bagaude, ohiz kanpoko neurriak hartu behar dira. Era berean, eskatzen dugu Elkartasunaren printzipioren alde egitea, batez ere enpleguari eusteari dagokionez, kooperatibek betidanik izan duten balioetako bat baita.  
  • Federazioan oso argi dugu kooperatibek era guztietako tresnak, ekintzak eta beharrezko kontrol- eta prebentzio-neurriak jarri behar dituztela abian, birusaren hedapena gelditzeko. Enpresa askok telelaneko neurriak hartu ahal izan dituzte, haien ekonomia- eta sozietate-egiturak eta jarduera-sektoreak horretarako aukera ematen baitiete. Bada, enpresa haiei laguntzak eman behar zaizkie, zailtasunak jarri beharrean.
  • Baina ezin dugu ahaztu sektore jakin batzuetako hainbat kooperatibak euren produkzio-jarduerari eutsi diotela, osasunari eta prebentzioari lotutako segurtasun-neurri egokiak jarrita. Horien artean osasunaren arlokoak ditugu, jakina, baina, horrez gain, nekazaritza eta elikadura, banaketa, industria, esku-hartze soziala eta beste arlo batzuetakoak ere bai. Eta jarduerari eutsi diote, lehenik, ezohiko egoera honetan gizarteari zerbitzu handiagoa ematea eskatzen zaielako; eta, bigarrenik, jarduera gelditzeko erabakiak ez duelako zerikusirik jarduera berriro aktibatzeko eta osasun-krisi honen aurreko jarduera-mailari eusteko konplexutasunarekin.
  • Gauzak horrela, beste behin, enpresa kooperatibo askok ez dituzte legeak eskainitako lan-neurriak hartuko, neurri horiek langileen ahalmen ekonomikoa murriztea eta Sistema Publikoaren kolapsoa ekarriko dutelako. Aitzitik, bestelako neurriak hartuko dituzte, hala nola, lana banatzea; plantillak, txandak eta egutegiak berrantolatzea; eta laneko eta familiako bizitza uztartzeko indarrean daudenak baino neurri zabalagoak eta malguagoak hartzea. Gizarteak eta agintaritza eskudunak aintzat hartu behar dute portaera hori, eta diskriminazio positiboko neurriak hartu. Izan ere, argi utzi dugu geure izaera juridikoak erresilientzia-gaitasun handiagoa duela krisialdietan kapital-enpresenak baino.
  • Halaber, kooperatiba berriak sustatzeko laguntza-neurri bereziak har daitezela eskatzen dugu; izan ere, zenbait enpresak itxi behar izango dute zoritxarrez, eta eredu kooperatiboa bereziki egokia da enpresa horiek eredu autogestionatu baten bidez berraktibatzeko.

Azkenik, eskerrak eman nahi die nekazaritzako kooperatibei, osasun-arlokoei, adinekoei eta arreta ematen dietenei, elikadura-arlokoei, banaketakoei eta biztanleei gutxieneko zerbitzuak eskaintzeko zeregin nagusia betetzen ari diren guztiei.” Kooperatiben balioei erantzuten die haien eginkizunak, eta haien jarduerek bake sozialari eusten laguntzen dute, hori une honetan hain beharrezkoa izanik”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen