Argazkiak: Saioa Karate Kluba.
Europako 35. Kyokushin Txapelketa jokatu zen aurreko ostiral eta larunbatean Lisboan. Arrasateko Saioa Karate Klubeko 5 lehiakidek parte hartu zuten:
- Irati Izurrategi, kadete kategorian, 50 kiloz azpikoetan
- Julen Bermejo, kadete kategorian, 65 kiloz azpikoetan
- Xavier Varteniuc, kadete kategorian, 65 kiloz azpikoetan
- Danel Izurrategi, junior kategorian, 60 kiloz azpikoetan
- Aitor Madinabeitia, senior kategorian, 70 kiloz azpikoetan
Ostiralean kanporaketak jokatu ziren kadete eta junior mailetan, eta larunbata beste mailen txanda izan zen.
Iratik merituzko 3. postua lortu zuen, Armeniaren aurka finalerdietan galdu ostean, baina espainiar lehiakide baten aurka brontzea lortu zuen. Borroka honetan bere aurkaria baino gehiago izan zen.

Julenek ere 3. postua lortu zuen, finalerdietan borrokatu zuen gerora kategoria irabaziko zuen israeldarrarekin. Brontzezko domina lortu zuen.
Xavierrek aurretiazko txandan galdu zuen Israelgo lehiakidearen aurka (Ron German), gero Juleni irabaziko ziona. Xavierrek lan ona egin zuen, baina israeldar aurkariaren nagusitasuna nabaritu zen, azkenean borrokaldia eta kategoria irabaziko zituena.
Danelek final laurdenetan Kazajistango aurkariari irabazi zion, bere eskuetan zegoen guztiarekin, izan ere, 2 round egin behar izan zituen. Finalerdietan Bulgariako aurkariarekin neurtu zituen indarrak, eta borrokaldi ona egin zuen arren, ezin izan zion irabazi gero kategoriako txapelduna izango zenari.

Larunbatean Aitorren txanda izan zen, eta bere kategorian Munduko eta Europako txapeldunak lehiatu ziren. Final laurdenetako borrokaldia galdu zuen Herbereetako lehiakidearen aurka. Aitorrek borrokaldi ona egin zuen, baina bere aurkariaren teknika batek Aitor kanporatu zuen.
Saioa Karate Klubak baieztatu du “oso pozik” dagoela neska-mutilek lortutako emaitzekin, “baina batez ere borrokaldi bakoitzean eta prestaketan egindako lan guztiagatik”.
“Ukondoz ukondo borrokatu dute benetako atleten aurka, nazioarteko txapeldunen aurka, Arrasateko Karatearen maila ona erakutsiz”
“Zorionak denei, bai domina dutenei, baita ez dutenei ere, adierazitakoagatik, lan handia egin dutelako”. Bai horixe! Zorionak ere klubari!