Etxezarretako presa bat bota da “arrain espezieen migraziorako”

0
656

Obrak martxan daude egunotan eta zutik utzi dituzte eraikuntzaren bi ertzak. Aldundiak Deba errekan presa gehiago eraitsi asmo du.

Zenbait erakundek ibaiak lehengoratzeko Merlin proiektua dute abian. Testuinguru horretan, San Prudentzio ZH presa eraistea onartu du Aldundiak.

Izan ere, foru-aldundiak azpimarratzen du “habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoak, habitat mota jakin batzuk kontserbatzeko beharra”.

Hartara, “egoera onean mantentzeko edo lehengoratzeko neurriak hartzera behartzen du”. Zehazki, presa hau eraisteko aurrekontua 45.585’85 eurokoa izan da (BEZ barne).

Ildo berean, Europar Parlamentuak eta Kontseiluak ere “ur-ekosistemen egoera hobetzeko helburua definitzen” dute.

Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, abian jarri du Oztopoak Iragazkortzeko Plan Zuzentzailea, ibaiak lehengoratzeko, “ibai habitata berreskuratzea bultzatuz, hainbat elementu kenduta, arrain espezieen migrazio mugimenduetarako oztopo baitira”.

Horretarako, Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, Asmatu SL enpresak Deba ibaian San Prudentzio Z.H. (Bergara eta Arrasate) presa eraisteko proiektua idatzi zuen 2021eko abenduan.

Era berean, foru-erakundeak eraistearen erabakia ontzat eman du aurten, eta erabakiaren berri eman zuen aurtengo maiatzaren 23an.

Egitasmoaren helburua izan da San Prudentzio Z.H. presa txikia “partzialki eraistea, muturretan bermak utziz ertzak ez desegonkortzeko. Era berean, ezkerreko ertzaren ondoko bihurgunearen inguruan, GI-627 errepidearen horma azpiberritzea aurreikusten da”.

Aldundiak adierazi duenez, “informazio publikoko eta entzunaldiko epean, ez da alegaziorik aurkeztu”.

Presak 3 metro inguruko altuera zeukan eta Arrasate-Bergara errepidea bere ondotik igarotzen da. Trenbide ohia ere bere ondotik igarotzen zen, errekaren beste aldetik.

Etxezarretako beste presak, Ekiloreren ondoan dagoena, oraingoz zutik jarraitzen du. Aldundiak Deba errekan presa gehiago eraisten dabil eta eraisteko asmoa dauka.

Etxezarretaren egungo eraistearen egitasmoa “Merlin proiektuaren barruan dago”, Europar Batasunaren egitasmo gisa.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen