Udalak eta Naturtzaindiak antolaturik, hainbat familiak 300 zuhaitz inguru landatu dituzte, hain zuzen, haritzak besteak beste.
Azken hiru argazkiak: Eneko Fernandez ‘Keko’.
Ekitaldia antolatzerakoan “aforoa mugatu behar izan genuen – baieztatu digu Udaleko Ingurumen teknikari Peio Garaik – eta ondorioz herritar ugarik ezin izan dute parte hartu”.

Halaber, bi txanda antolatu behar izan dituzte, pertsona gehiegi ez elkartzeko. “Ea datorren urtean posible den nahi duten guztiek parte hartu ahal izatea”.
Ekitaldiari hasiera emateko, hainbat familia udal-langileekin elkartu dira goizean San Isidro ondoan, eta eskularruak eta hamaiketakoa jaso dituzte. Ondoren, oinez Etxezarretarantz abiatu dira, landaketaren kokalekuraino.

“Bidean lokatza aurkitu dute eta landaketa tokia erosoa ez den arren, aurrera egin dute” baloratu du Ingurumen teknikariak.
Izan ere, gurasoak eta seme-alabak gora eta behera ibili dira hektarea bateko lursail malkartsuan. Haritzez gain, hariztietan aurki daitezkeen beste hostozabal espezie batzuk ere jartzekoak ziren: lizarra, urkia, astigarra, sagarmina, gorostia…

Familiak, landaketaren ostean, Etxezarreta hobeto ezagutzeko bisita gidatu bi aurrera eraman dituzte, Naturtzaindiako langileek gidaturik.
Gaur landatzeke geratu diren 100 zuhaixkak astelehenean jarriko dituzte Udaleko baso-langileek. Behargin hauek ere gaurko ekitaldian parte hartu dute.

Orokorrean, Etxezarretan Udalak 83 hektareako lursaila erosia du, eta lur horretan “basoa berreskuratzeko lehen pausoa aurtengoa izan da. Aurrera jarraitzeko, Udalak mendi honetarako gestio plan bat egingo du”.
Peio Garai Ingurumen teknikariak azaldu digu “Naturak bere bidea ere egiten duela, hau da, landaketarik egingo ez bagenu Natura Etxezarreta biziberritzen joango litzateke. Landaketa hauek lortzen dute biziberritze prozesu hori azkartzea, Naturaren bide beretik”.













Hori da didea.Elkar lana udala eta herritarren artean . Zorionak Aitor, bikain
Bidea