Emakumezko langileek %24 soldata igoera, kontziliaziorako baldintza hobeak,… lortu dituzte. Euren ordezkariek eskertu dute “pentsionista, emakume-talde, lorazain, EH Bildu, Elkarrekin Arrasate eta bestelako herritarren babesa”.
Hilketa matxista salatzeko bilkuraren harira, EELZko langileek hitza hartu dute Herriko plazan gaur arratsaldean.
Zerbitzuko langile guztiek (denak emakumeak) parte hartu dute azken asteetako mobilizazioetan, eta eskerrak eman dizkiete “egunero babestu gaituzuen guzti-guztiei:
- Pentsionistak
- Emakume taldeak
- Lorazainak
- EH Bilduko ordezkariak
- Elkarrekin Arrasateko ordezkariak
- Herritar gehiago
“Zuek guztiek barik ez zen posible izango akordioa lortzea” baloratu du, azpimarratuz “argi geratu dela borroka dela bide bakarra akordioa lortzeko. Izan ere, inoiz ez digute ezer oparitu, eta hau ez da salbuespena izan”.
Akordioa gaur goizean lortuta, langileek ez dute bihar greba mugagabea hasiko. “Aldarrikapenak lortu ditugu:
- Hemendik 4 urtera soldatak %24 igotzea, urtez urteko igoera progresiboarekin
- Gutxieneko jornada 20 ordukoa izatea asteko
- Gorabehera laboralak mugatu
- Jaiegunetako plusa handitzea
- Langilearen zerbitzuen arteko denbora gutxienez 10 ordu eta erdikoa izatea
Lorpen hauek “hastapena baino ez da” eta zaintzak “ezin du negozio bat izan”. Horregatik borrokan jarraitzeko deia plazaratu dute.
Izan ere, “zaintzaileak ere zaindu behar dira, langile hauek baitira funtsean Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, beste arlo eta enpresa batzuetan bezala”. “Enpresak ez dutela diru publikoaren eta emakumezko langileen kontura mozkinak izan”.