Etxera bueltan zatoz, Josu! [Testua: Kepa Arkauz]

2
1641

Buf! Egun gutxi barru aske ikusiko zaitugu, bai, eta pentsatze hutsak barrenak mugitzen dizkigu. Emozio eta sentimendu ugarik zeharkatzen digute gorputza. 1982an utzi zenuen Arrasate, 38 urte jada, erraz esaten da. 1991an atxilotu zintuen polizia frantsesak, Baionan, eta harrezkero bahituta izan zaituzte.

29 urte kartzelan, kartzeletan: Fresnes, Saint-Maur, Alcala Meco, Soto del Real, Topas, A Lama, Puerto… Murtzia II eta Valladolid. Guztira, 14 espetxe, 27 espetxe-aldaketa, eta hamarnaka bisita, ehunka bizipen, gurekin partekatutakoak batzuk, zuretzat gordeak gehiengoa.

Kartzela barrutik pairatu dugunok badakigu zer den bertan egun bat egitea, baina beldurra ematen du 29 udak, 29 neguk pertsona batengan nola eragin dezaketen irudikatzeak. Urteek baino gehiago, baldintzek, jarrerek, egoerek: atxiloketa, isolamendua, epaiketak, itxialdiak, gose eta egarri grebak, Espainaratzea, tortura basatiak, espetxe aldaketa bortitzak, komunikazio grebak, funtzionarioen erasoak, hau edo beste sinatzeko xantaia saiakerak, bisitan joan zaizkizun gertukoen auto istripuak…

Hala ere, zuk honi guztiari irribarrez erantzun diozu, mala ostiaz baina determinazioz, duintasunez, hitz egiteko gogoz, kolektibo batekiko konpromisoz, askapen borrokarekiko arduraz, herri honekiko zein gertukoekiko maitasunez.

Gazte zinela, Euskal Herria eta askatasunaren alde ETAn bolondres sartzeko hautua egin zenuen, gerora beste ehunka gaztek hartu genuen bide berbera. Garesti ordainarazi badigute ere, garestiegi ordainarazi badizute ere, ez dute gure askatasun egarria itotzea lortu.

Egun gutxi barru aske ikusiko zaitugu, bai, jaio nintzenetik bizi izan ditudan 36 urteetan inoiz ikusi ez zaitudan bezala. Zure seme Txominek eta Unaik 26 urte dituzte, eta beraiek ere ez zaituzte sekula aske ikusi. Kartzeletako hormen artean sortu ziren, zu bertan zintuztela hazi dira eta horrela ezagutu zaituzte orain arte, preso.

Abestiak dioen bezala “zai dago ama, zai aita”. Tamalez, aitita duela bi urte joan zitzaigun, hor ikusi zintuzten askok azken aldiz. Amama Kristinak, ordea, 95 urte dituen arren zu ikusteko zai dago, hori da bizitzari heltzeko bere modua. Berarekin batera zai dituzu Mila, Unai, Txomin, Ramon, Olatz, Ander, Itziar, Esther, Jone, Mikel, Marliz, Ania, Manex, Niko eta familiako guztiak! Baita, urteak joan
urteak etorri, astero bixitan hutsik egin ez duten Esteban, Marian, Imanol, Juanito, Patxi, Eli, Felix, Iker, Juan Mari, Mikeltxo, Txiki, Aldamar, Igartua, Juan, Paca… eta gainerako denak!

Urria hasieran atxilotu nindutenean, Tres Cantoseko kalabozoetan berriz espetxea gertu ikusten nuelarik, neure buruari esaten nion ez nuela onartuko, ez niela utziko 29 urte pasa eta gero zu libre geratuko zinen unea elkarrekin ez ospatzea. Eguna iristear dago, eta badirudi batera egoteko aukera izango dugula. Beraz gozatu dezagun! Gero gerokoak! Goxo etorri etxera, Josu!

2 IRUZKIN

  1. Lotsagarrixa hamen pasau dugunarekin, hay argitaratzea, ze zortea kartzelara fatea ikustera, beste batzuk hilerrira joan behar dirá bere familikideekin egoteko

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen