“Etxebizitzaren negozioa eteteko lehentasun lorgarriak daude”

0
660

EH Bildu eta LABek hitzaldian salatu dute “EAJak, 2015ean euskal legea onartu bazen ere, batez ere etxebizitza hutsei dagokiena, oraindik ez duela aplikatu”. Hitzaldian azaldu zen “Arrasateko Udalak gune tentsionatuaren izendapenaren diagnosia eta ekintza-plana martxan dituela”. Baita ere “Arrasateko etxebizitza hutsen kopurua jakiteko, pertsona bat kontratatu dela”. LAB eta EH Bilduk abenduaren 14ko Bilboko manifestaziora deitzen dute.

Ekitaldia atzo arratsaldean egin zen Irati tabernako topagunean, eta bi hizlarik jardun zuten:

LABeko Iratxe Delgado Arribas eta EH Bilduko Karlos Renedo Lara, ‘Abiatu’ kanpainaren testuinguruan.

Ideia ugari partekatu zituzten, eta arazoari aurre egiteko, zenbait lehentasun azaldu zituzten, “lorgarriak direnak”:

“Prezioa jaistea, eta hori lortzeko aurrez beste urrats batzuk eman beharko dira ziurrenik. Edonola ere, debate horri heldu behar diogu, politika publikoen bitartez, eta baita kolektiboki ere”:

“Izan ere, jende bat kolektiboki antolatu da eta lortu dute norberaren etxebizitzaren prezioa jaistea. Hori errealitate bat da. Horrek izugarrizko potentzialitatea dauka, eta ahalduntzea suposatzen du”.

Bigarren lehentasuna da “etxebizitzaren gaineko negozio-jarduerak mugatzea, tartean etxebizitza turistikoak edota bizitzeko erabiltzen ez diren etxebizitzak”.

Negozio horien inguruko “deskreditu sozial bat sortzen ari da, eta lortu behar dugu deskreditua neurri zehatzetan bihurtzea”.

EH Bilduk eta LABek lehentasun duten ere “parke publikoa handitzea, etxebizitza duinak eta alokairuak ardatz. Horren aurka daude neurrigabe eraikitzen jarraitu asmo dutenak”.

Biek ala biek alokairuaren aldeko apustua ere egiten dute: “Pradalesek duela gutxi esan zuen jendeak ez duela alokatu nahi, erosi nahi duela, erosketa ziurtasunarekin lotzen delako”.

“Baina horrek suposatzen du etxebizitzen pribatizazioa, hau da, diru publikoarekin egindako etxeak gero jabetza pribatura pasatzen bada, hori pribatizatzea da”.

Alderaketa bat eginda, “Osakidetzakoa bezalakoa da: ez dugu nahi Osakidetzak diru publikoa, kolaborazio publiko-pribatua delakoaren bitartez, IMQri ematea”.

Horren aurrean, LABeko ordezkariak planteatu zuen “logika aldatu behar dugula, etxebizitza politika publikoak etxebizitza eskubide kolektiboa bermatu behar du”.

Laugarren lehentasuna da “alokairuan bizi diren pertsonen eskubideak blindatzea. Hori lortzen da alokairu kontratu luzeekin, prezio arautuekin (hipotekenak barne),…”.

“Pertsona horrek ezin badu alokairua ordaindu, lehentasuna izan behar da etxebizitza horretan geratu ahal izatea, bernegoziatuz, zaurgarri egoeran egonda edo ez”.

LABek berriki Abiatu kanpaina martxan jarri du, langile guztiei etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzeko asmoz.

Lehentasun horiek azalduta, LABeko ordezkariak azpimarratu zuen “Ipar Euskal Herrian lortu direla dialektika oso emankorrak herri-mugimendu eta sektore ezberdinen artean”.

Horregatik proposatu zuen “aliantza zabalak egitea, gizartearen kezka bati erantzuteko, indarrak metatzeko eta aurrerapausoak emateko”.

EH Bilduko ordezkariak azaldu zuen “etxebizitzaren inguruko eskumenak oso banatuta daudela: Espainiako estatua, erkidegoa eta udalak”.

Adibidez udalek etxebizitza hutsen kanona aplikatu behar dute, eta parke publiko berria eraikitzeko lurzoru publikoa udalen esku dago.

Lurzoru hauen planifikazioa ere udalei dagokie, “eta udalgintzatik gauza asko egin daitezke, baina arazoa da udalek ez dutela diru nahikorik, estatuak eta erkidegoak ez bezala”.

Testuinguru honetan “EAJk argi eta garbi ez du ezer egin nahi: 2015ean euskal legea onartu zen, batez ere etxebizitza hutsei dagokiena, baina oraindik ez da aplikatu”.

Bien bitartean “PSEk diskurtso aurrerakoia du baina EAJrengandik oso baldintzatuta dago. Gainera, udalgintzan ez du indar handirik”.

EH Bilduk gorbernatutako udaletan “gauzak egin daitezke baina arazoa da dirua ez dagoela ondo banatuta, eta horregatik udalek ez dute ahalmen nahikorik aurrerapausoak emateko”.

Ildo honetan, hitzaldian entzule gisa zegoen Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak, Garazi Etxeberria San Miguelek hitza hartu zuen:

“Arrasateko Udalak gune tentsionatuaren izendapenaren diagnosia eta ekintza-plana martxan ditu jada, izendapen hori eskatu ahal izateko”.

Hortaz gainera, “Arrasateko etxebizitza hutsen kopurua jakiteko, pertsona bat kontratatu da azterketa hori egin dezan”.

“Arrasateko Udalak eduki badauzka lurzoruak baina diru nahikorik ez. Udalek asko egiteko daukate baina horri heltzeko finantzaketa arazoak dituzte. Gure esku dagoena martxan jarri dugu bidea egiteko”.

Ildo honetan, EH Bilduko Karlos Renedok gehitu zuen “arazo estrategiko bat egon dagoela: EAEko Aurrekontuetan badago partida bat lurzoruak erosteko, baina lurzoru pribatuak erosteko”.

“Udalei ordea ez dizkie lurzoruak erosi nahi, proposatzen die lagapen bat egitea, hau da, doan egitea. Ordea, EAJak gura du promotoreei diru publikoa ordaintzea, pelotazoa egiteko”.

EH Bilduko ordezkari honek aurreikusten du “PSEko gobernuek, batez ere gune tentsionatuetan, diru laguntzak emango dituztela, baina etxebizitzetako jabeak ere onuradun eginez”.

Egungo testuinguruan “EH Bildu ausarta izan behar da, kalean presioa baldin badago, eta ideia batzuk hegemoniko bilakatzen badira, egin dezagun aurrera, bizi baldintzak hobetuko dira”.

Hau da, “gure proiektu politikoa baliagarria izan dadila pertsonen bizi kalitatea hobetzeko”.

Bide honetan, etxebizitza eskubidearen aldeko abenduaren 14ko Bilboko manifestaziora deitzen dute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen