Etxebizitzaren gatazkan LABek bere zuzeneko borroka aurkeztuko du

0
866

Argazkia: MB artxiboa / Bideoa eta beheko testua: Langile Abertzaleen Batzordeak.

Lantokietan nola, etxebizitzaren eremuan ere ekintza sindikalaren bidez patronalari aurre egingo diogu LAB sindikatuan.

Sindikatuko afiliatuek etxebizitzarekin dituzten arazoak borrokatzeko aukera izango dute. Dagoeneko hainbat gatazka kudeatu eta irabazi ditugu.

Etxebizitza larrialdia euskal langileok pobretzeko lehen mailako arazoa da, eta ezer egin ezean egoerak okerrera egingo du. Etxebizitza patronalari kontrabotere sindikalismoaren bidez aurre egiteko deia luzatzen dugu.

Gobernuek etxebizitza politikak negozioa handitzera bideratu dute eta egun, etxebizitza larrialdia bizi dugu. Merkatuaren esku utzita, etxebizitza eskuratzeko ezintasuna biderkatu egin da, prezioak etengabe igo dira eta gero eta langile sektore gehiago pobretzeko arrazoi bilakatu da.

Langileak aberastasuna modu justuan birbanatzeko soldata igoeren aldeko borroketan murgilduta daude, baina aldi berean, soldataren gero eta zati handiagoa etxebizitzaren gastuek jaten dute. Inoizko enpresa etekin handienen berri izaten ari gara eta lantokietan sortzen dugun aberastasuna ekintza sindikalaren bidez borrokatzen dugu. Lortutako soldata igoerak, baina, etxebizitza gastu geroz eta handiagoek apaltzen dituzte. Horregatik behar beharrezkoa dugu etxebizitzaren eremura ere sindikalismoa eramatea, kapitalari lantokietan bezala, bizi baldintzak hobetzeko borroka fronte guztietan egiteko.

Hemendik aurrera, etxebizitzaren gatazkan modu zuzenean jardungo dugu sindikatuan, afiliatuak antolatuz eta borrokarako bitartekoak eskainiz.

Honetaz guztiaz azalpen gehiago emango ditugu martxoaren 13an, Arrasaten, Irati Topalekuan, 18:30ean eta Eibarren, martxoaren 20an, LABeko egoitzan, 18:30ean antolatutako asanbladetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen