“Kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsalaren alde, Estatu sozialista eraiki”, aldarrikatu du KSak ekitaldian.
Aurkezpena atzo arratsaldean egin zen Kulturaten, eta hainbat neska-mutilek parte hartu zuten. Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuaren sorrera ondoko testuinguruan kokatu du KSak:
“Erosahalmenaren murrizketa nabarmena, inoiz heltzen ez diren diru-laguntzekiko menpekotasun itogarria, zein oinarrizko zerbitzuen kalitate penagarria dira lagile-klasearen bizi-baldintzak gogor erasotzen ari da, eta argi ikus daiteke instituzio publikoetatik soilik miseria kudeatzera muga daitezkeela”.
Adibidez, erosahalmenaren murrizketari dagokionez, “jasaten ari garen prezioen garestitze orokorraren aurrean – azaldu du GKSko ordezkari Unai Ibarrak – proletargoren esku baliabideak jarri eta antolatzeko aukerak izan behar dira”.
Etxebizitzari lotutako arazoak “proletargoaren egunerokotasunaren parte dira, baita gure eskualdean ere, eta horren adibideak hamaika dira: jabe txiki zein handien inpunitatea, presioak, mehatxuak, prezioen igoera arbitrarioa, etxebiziten kalitatearen jaitsiera, eta abar”.
Horregatik, pasa den ikasturtean martxan jarri zuten etxebizitza asanblada, eta “tresna horren bitartez etxebizitzaren auzi gordinari erantzuteko baliabide zein esperientziak metatzen joan gara. Esaterako, Sadaqa Elkartearekin batera, irailaren 21erako data zuen etxegabetzea bertan behera uztea lortu genuen”.
Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak aurrerapauso bat eman du, Etxebizitza Sindikatua sortuz. “Honek autodefentsa sozialista antolatzea du helburua, gure bizi-baldintzak hobetzeko borroka eginez, baina beti ere borroka horiek Estatu Sozialistaren eraikuntzaren aldeko bidean kokatuz, soilik orduan lortu ahalko baitugu etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala”.