Sindikatuak pankartak jarri zituen atzo Batzokiaren eta PSEren egoitzaren ateetan, gaitzesteko bi alderdiek onartutako legeak ez duela jasotzen “neurri bakar bat ere langileak babesteko eta etxebizitza prezioen igoera etengabea gelditzeko”.
Eusko Legebiltzarrak atzo onartu zuen ‘Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea’ deiturikoa.
Horren aurrean, LABek bi ekimen egin zituen atzo Arrasaten: Batetik, ‘Etxearen korapiloa nola askatu’ liburuaren aurkezpena.
Eta bestetik, hiru pankarta jarri zituen bi alderdi egoitzen atean, “higiezinen patronalaren neurrira egindako legea” gaitzetsiz.
LABek islatu duenez “Etxebizitza krisia bizi dugu, eta, ondorioz, geroz eta langile sektore gehiago pobretzen ari dira. LABek egindako diagnostikoarekin bat egiten dute hainbat eremutatik egindako txostenek, azken asteetan albiste izan direnak; hala nola, Foessa eta Caritas fundazioenak, Zedarriak-ena eta herritarron erantzunak biltzen dituen Soziometroarena”.

Etxebizitza prezioa da “krisi hau areagotzen duen oinarrizko faktorea. Erosketa zein alokairu prezioek gora egiten jarraitzen dute, eta langileon ahalegin ekonomikoa geroz eta handiagoa da; are nabarmenagoa pertsona migratu, emakume eta gazteen artean”.
Sindikatuak salatu duenez “urgentziaz egiturazko neurriak hartu behar direla esan bai, baina hartutako norabidearekin orain arteko etxebizitza politika berean sakonduko dute: eraikitzaileek, promotorek eta, finean, etxebizitzarekin negozioa egiten dutenek etekinak handitzeko neurriak hartuko dituzte”.
LABek azaldutakoaren arabera “Etxebiden ia 100.000 herritar daude izena emanda, eta gehien-gehienek alokairu publikoa dute lehentasun. 30.000 etxetara iristen ez den babestutako parke publikoa guztiz ez-nahikoa da (Alokabidek kudeatzen dituen 17.000 gehituko bagenitu ere), eta datozen urteetan iragarritako 7.000 etxebizitza berriei babesa galdu eta merkatu pribatura pasako diren 5.000 inguru (2003ko legearen aurrekoak) kendu behar zaizkio kopuru horri”.

Testuinguru honetan “oraindik eremu tentsionatuetarako irizpideak ezartzeko prezioen indizea argitaratu gabe dute bi alderdiok gobernatzen dituzten Bizkaiko eta Arabako aldundiek, prezioen igoera mugatzen hasteko aukera emango lukeena”.
“Eta hori ez da okerrena. Prezioak jaisteko inolako neurririk ez dute proposatu. Merkatuan esku hartu beharra dagoeneko inork gutxik jartzen du zalantzan, eta urgentziazko neurriak norabide honetan kokatu behar dira ezinbestean”.
LABek planteatu du “alokairu publiko, merke eta iraunkorra da sustatu beharrekoa. Horretarako, eraikitzaileei etekinak biderkatzeko aukerak ireki beharrean, merkeak diren eta haiekin espekulatzea ezinezkoa izango den etxebizitza parkea handitzeko araudia da benetan premiazkoa dena. Etxebizitzak bizitzeko izan daitezen eta ez negozioa egiteko”.
“Horixe da krisi egoera betean langileon aldeko neurriak hartzea. Baina, beste behin ere, EAJk eta PSEk patronalarekin lerratzeko erabakia hartu dute. Enegarrenez”.
Sindikatuak gehitu du lege berriaren neurri sortak “ezagunak zaizkigula eta porrot egindako ereduan oinarritzen direla”.
Era berean, “antolakuntza eta borrokarako deia ere” adierazi du. “Sindikatuak elkarrekin ekintza sindikalaren bidez baldintzak duintzeko deia luzatzen die alokairua berritu eta prezioa biderkatu edo etxetik botatzeko arriskua dutenei, babestutako etxearen kalifikazioa galdu eta merkatu pribatura pasako diren bizilagunei eta, oro har, etxebizitzaren negozioaren ondorioak pairatzen dituzten langileei”.




