Argitalpen honek etxeko indarkeriari aurre egiteko gakoak eskaintzen dizkie haurrei. Aurkezpena azaroaren 12an izanen da, Dom eta Ael Campistron ahizpa baxenabartarren eskutik, 6 urtetik gorako haurrak eta gurasoak gonbidatuta.
Kartela eta beheko testua: Arrasateko Udaletik / Argazkia: EITB Media.
Dom Campistron marrazkilariak eta Ael Campistron antzezleak etxeko indarkeria lantzen duen “Etxean” ipuina aurkeztuko dute azaroaren 12an, 18:30ean, Jokin Zaitegi gelan, haurrentzako drag emanaldi baten bidez.
Haran Ubel elkarte feministarekin argitaratutako ipuin honek, haurrei indarkeria identifikatu eta izendatzeko tresnak eskaintzea du helburu. Egilearen esanetan, haurtzaroan etxea babesgune perfektu gisa irudikatzeko joera deseraikitzea ere bada lanaren xedea.
Aurkezpenean, Dom Campistronek Ael Campistron antzezlearen laguntza izango du. Drag formatuaren bidez, ipuinaren mezua haurrei gerturatu eta gorputzen onarpenaren inguruko hausnarketa sustatu nahi dute.
6 urtetik gorako haurrak eta helduak gonbidatuta daude emanaldira. Ipuina Arrasateko Bibliotekan dago eskuragarri.





