Etxean gauden honetan ere, euskaraz!

1
1537

Batu zaitez Arrasateko Euskaraldiaren sare sozialetara eta adi egon bertatik proposatzen diren erronketara.

Testua: Arrasateko Euskaraldia

Dagoeneko hilabete baino gehiago pasa da COVID-19ak etxean gelditzera behartu gintuenetik. Egoera gogorra bizitzen ari dira asko eta asko: haurrak etxetik ezin irten eta eskolarik gabe; familiartekoekin ezin elkartu, ezin besarkada bat eman; harremanak balkoitik balkoira edota telematikoki izan beharra; askok euren negozioa aurrera atera ahal izango duten jakin ezinik… Ezer esan aurretik, beraz, Arrasateko Euskaraldiako kideok besarkada handiena eta animo asko bidali nahi dizkizuegu guztioi.

Bitxia bada ere, sekula baino elkartasun handiagoa erakusten ari da gizartea bizi izaten ari garen honetan: ez dira falta txaloak leihoetatik, balkoi-festak, animoak…; eta argi dago elkarrekin komunikatzeko beharra daukagula. Herria bere izaera erakusten ari da egoera zail honen aurrean. Hala ere, ezin dugu ahaztu hizkuntza dela izaeraren eta komunikazioaren parte eta ikur.

Erdarara jo dute askok, guztiengana iritsi nahi izanaren aitzakiapean; jasotzen dugun informazioaren ehuneko esanguratsu bat ez dator gure hizkuntzan, eta bada arriskua euskaldun egiten gaituen ezaugarri nagusia bazter batean uztekoa.

Iturritik ura edateari utzi ez diogun moduan, euskararen iturria ez daukagu zertan lehortu. Horregatik, egun batzuk daramatza Arrasateko Euskaraldiak bere sare sozialetan erronka batzuk planteatzen, eta hurrengo egunetan ere izango ditugu erronka gehiago, gure hizkuntza ohiturei astindu bat eman eta etxean ere euskaraz egin dezagun.

Helburu horrekin, besteak beste, Euskaraldiak martxan jarriko Etxealditik Euskaraldira ekimena apirilaren 20tik aurrera. Egunerokoan etxean sortzen diren egoeretan euskararen erabilera sustatzeko zazpi ideia-proposamenek osatuko dute ekimena. Goizero-goizero Euskaraldiko sare sozialetan bideo labur eta mezu bidez emango dira parte hartzeko jarraibideak.

Arrasaten, ideia-proposamen hauetako batzuk herriratzeko asmoa daukagu. Hori dela eta, gure sare sozialetara (Facebook: Euskaraldia Arrasate; Instagram: Euskaraldia Arrasate; eta Twitter: @EArrasate) batzea garrantzitsua litzateke; bertan azalduko diren erronketan parte hartzeko gonbita egin nahi genizueke, guztion indarra eta inplikazioa beharrezkoak direlako honetan ere.

Etxean egon behar dugun honetan ere, egin euskaraz!

Iruzkin 1

  1. Egin daitekeen proposamenetako bat hika berreskuratzea da, Oñatin egin den bezala. Baina hau zoritxarrez zeharo utopikoa da gaur egun leku batzuetan, euskeraren berreskuratzearekin hasieratik jarraitu den estrategia okerragatik.

    Oñati bezalako herri batean euskerak ez zuen Arrasaten besteko atzerapenik izan frankismo garaian. Hortaz, guraso askok euskera mantendu zuten, eta orain berriz seme alabei hika irakatsi diete. Euskera asko berpiztu da Oñatin. Hau zoragarria da. Euskera da orokorrean Oñatiko hizkuntza nagusia, eta batez ere gazteen artean.

    Beste leku batzuetan beste ildo bateko arazo bat aurkitzen dugu. Nork daki hika Arrasaten gazteen artean? Oso jende gutxik. Eta zergatik daki oso gazte gutxik hika Arrasaten? Irakatsi ez delako, transmisioa eten egin delako. Arrasaten euskeraren atzerapena oso handia izan zen, larregiko handia. Batzuek mantendu dute bertako euskeraren jakintza, hikarena barne, baina inork ez darabil ahoan. Dakienak ez du erabiltzen. Zergatik ote?

    Goikoari erantzun aurretik, adierazpen bat. Gaur egun kalean darabilgun euskeraren maila gure aiton-amonena baino askoz txarragoa da. Ez dugu hika menperatzen, ez subjuntibera, ez aditz trinkorik. Orokorrean jendeak ez ditu aditz taulak menperatzen hizketan ari denean. Berriz diot, zergatik ote? Gaur egungo gazteek 15 urte pasa dituzte ikastolan, euskeran murgildurik, baina beraien euskera maila aiton-amonena baino ASKOZ kaxkarragoa da. Kuriosoa ezta? Zergatik ote?

    Erantzuna oso erraza da. Inork ez du ahoan erabiltzen ikastolan ikasten den euskera. Inork, Euskal Herri osoan. Berriz diot. INORK. Ez Arrasaten, ez Maulen, ez Zizurkilen, ez Ondarrun, inon. Jendeak bere euskalkia erabiltzen du. Baina ikastolan ez zaio inori lekuko aditz taularik irakatsi! Ez lekuko aditz trinkorik, ez lekuko esamolderik…EZER! Hortaz, nola ez dira ba gaurko gazteak (eta ez hain gazteak) euskeraz gaizki mintzatuko ba? Begibistakoa da arrazoia!

    Eguneroko bizitzan erabiltzen den euskalkia ez irakastea, eta gero euskeraren erabilera ezarekin harritzea, egoera ez ulertzea da. Diagnostiko okerra egiten ari da oro har, eta beraz neurri txarrak.

    Arrasateko Udalak 1991-1999 bitartean Arrasateko euskaldi liburu bat landu zuen. Izugarrizko lana dago bertan. Ikaragarrizko aberastasuna. Zergatik demontre ez da hori sustatzen?

    Lekuan lekuko euskalkia sustatzea da bide bakarra. Berriro diot. BIDE BAKARRA. Bestela euskera hil egingo da. Ez eduki zalantzarik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen