Etxe Txikiak eremua urbanizatuko du Udalak bizilagunekin elkarlanean

0
1832

Aramaio ibai aldeko horma, etxeen ingurukourbanizazioa, eta Etxe Txikiak kaleko albo baten berrurbanizazioa burutuko dira, non bidegorri zati bat sortuko den. Lizitazioa ekainean jarriko du abian Udalak eta uda ostean obra gauzatzeari ekitea da aurreikuspena. Hasierako aurrekontua 1.364.467,87 eurokoa da, BEZa barne.

Testua: Arrasateko Udala.

Etxe Txikiak eremua urbanizatuko du Udalak. Zehazki, Aramaio ibai aldeko horma, etxeen inguruko urbanizazioa, eta Etxe Txikiak kaleko albo baten berrurbanizazioa burutuko dira, non bidegorri zati bat sortuko den.

Proiektuaren xehetasunak eskaini dituzte prentsa agerraldian Maria Ubarretxena alkateak eta Aitor Zubiaga EH Bildu alderdiko zinegotziak.

Eremuaren Plan Berezia onartu zen 2021ean, eta orain, urbanizazio plana garatu da. Guztira 18 partzela daude. Eremuak Plan Berezia ez izateak auzotarrei arazo ugari sortzen zizkien, ezin baitzituzten zerbitzuak eguneratu edo kontratatu (esaterako zuntz optikoa), ezta obrak burutu ere. “Aktuazio honek, beraz, Etxe Txikietako auzotarren ongizatean eta bizi kalitatean zuzenki eragingo du onerako, eta Plan Bereziak segurtasun osoa ematen die etxebizitzak eguneratzeko” nabarmendu dute udal ordezkariek. EH bilduren proposamena aintzakotzat hartuz, urbanizazio planaren baitan, bidegorri zati bat sortuko da.

Lizitazioa ekainean jarriko du abian Udalak eta uda ostean obra gauzatzeari ekitea da aurreikuspena. Lanek 8 hilabete irautea espero da. Hasierako aurrekontua 1.364.467,87 eurokoa da, BEZa barne. Bizilagunek, aurrekontu horretatik, 341.115,60 euro ordainduko dituzte, bakoitzak bere eraikigarritasun ahalbideen arabera. Lehen urbanizazio planak garatzerakoan auzotarrek ordaindu behar izan ohi dute aurrekontuaren zati bat.

Batetik, beraz, Aramaio ibaiaren alboko eustorma ezegonkortu izanaren ondorioz egonkortasuna edo sendotasuna galdu duten etxebizitzei epe luzerako sostengua emango zaie horma berreraikiz eta ibaian metatutako materialak bertatik kenduz. 36. eta 38. zenbakidun etxebizitzei eusteko sistemaren diseinuan, mikropilotezko pantaila etenak erabiliko dira.

Bestetik, urbanizazioaren barruan kaleak berrituko dira, babes-horma konpondu eta azpiegitura guztiak ezarriz. Auzoan 3 kale urbanizatuko dira, sarbide publikoak eraikiz, eta etxebizitzen atariak eraberrituz, kaleari osotasuna emanaz.

Urbanizazioaren irisgarritasunari dagokionez, hiru sarrera izango ditu. Horretarako, oinezkoentzako pasabide berri bat egingo da, urbanizazioaren kale nagusira sartu ahal izateko.

Azpiegiturei dagokienez, gaur egun airetik dagoena lurperatzea eta urbanizazioko hiru kaleetan beharrezkoak diren sare guztiak jartzea aurreikusten da: ur-hornidura, ur beltzak, euri-urak, sare elektrikoa, telekomunikazioak, gasa eta argiteria. Horretarako, sare guztietako zangak egingo dira eta Etxetxikiak kalean dagoen sare nagusira konektatu. Ondoren, etxebizitza guztietara beharrezko hartuneak egingo dira.

Etxetxikiak kalea ere eraldatuko da, kale ezberdinen integrazioa hobetuz. Aurreikusitako aldaketak urbanizazioaren ondoko ertzean izango du eragina. Horretarako, espaloia zabalduko da, irisgarritasun hobea lortuz.

Aldi berean, bidegorri berri bat eraikiko da. Haren trazadura galtzadaren eta espaloiaren artean joango da, zubiko eremuan izan ezik, aparkalekuen eta espaloiaren artean joango baita, aparkalekuen ondoan espaloi zati bat utziz. Hainbat aparkaleku kenduko dira.

Zirkulazioari dagokionez, noranzko bereko bi errei izatetik, errei bakarra izatera igaroko da Etxetxikiak kalean zehar, biribilgunetik irteteko erreia zubiaren luzeran zehar mantenduz.

Aktuazio honekin Udalak auzoa atseginago egin, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetu, azpiegiturak berritu eta bizilagunen egunerokoa erraztea du asmo, zerbitzuak eta obrak egiteko ahalmena emanaz urbanizazio plana medio.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen